"Eskubaloiaren festa eta, gehienbat, Iñaki Espillaren aldeko omenaldia izatea nahi du klubak"

Baleike 2015ko abe. 29a, 12:17

Iñaki Espillaren aldeko laugarren memoriala jokatuko da asteazken honetan Lubakin, Pulpo K.E.-ak antolatuta. "Lau urte dira Iñaki gaztea joan zitzaigula eta bere lagunok ez dugu ahaztu nahi", diote klubek. Atzo iragarri bezala, Pulpo klubeko eta Euskadiko selekzioen arteko hiru partida jokatuko dira Zumaiako kiroldegian 15:30etik aurrera.

Euskadiko selekzioak erkidego arteko selekzioen Espainiako txapelketa ari dira prestatzen. Hilaren 2an joango dira Almeriara, bertan jokatuko baita txapelketa. Zumaiako hamaika jokalari izango dira bertan astebete iraungo duen txapelketan parte hartzen.

Asteazkeneko lehen norgehiagoka gizonezkoek jokatuko dute, 15:30ean. Pulporen kadete mailako taldea Euskadiko infantil mailako selekzioaren aurka arituko da.

Ondoren nesken txanda izango da. Ttakun Pulpo kadete taldeak Euskadiko infantil mailako selekzioa izango du aurkari. Azken honetan Zumaiako lau jokalari izango dira: Ainhoa Larrañaga, Jone Aguado, Maria Amonarriz eta Leire Arrizabalaga beraien klubeko lagunen aurka arituko dira.

Amaitzeko, mutiletan, Pulporen jubenil mailako selekzioa Euskadiko kadete mailako selekzioaren aurka arituko da. Bi zumaiara izango dira selekzioan: Joseba Etxabe eta Ioritz Manterola.

Talde guztiak irabaztera aterako badira ere, klubetik dioten bezala, hau bezalako memorial batean emaitzek ez dute garrantziarik. "Klubarentzat garrantzitsuena da eskubaloiaren festa izatea eta, gehienbat, Iñaki gogoratzeko eta omentzeko unea".