Amaitu berri den Klarinete Maratoiaren balorazio "oso ona" egin dute antolatzaileek

Baleike 2015ko abe. 16a, 10:22

Abenduaren 9tik 13 bitartera egin berri den XIV. Klarinete Maratoiaren balorazio oso positiboa egin dute, oro har, antolatzaileek. Jardunaldi desberdinak izan dira eta parte-hartzea ona izan da: aurtengo hamalaugarren edizio honetan ehun lagunen bueltan ibili dira bost egun hauetan klarinetearen aitzakian.

Etxekoez aparte, Donostia, Zarautz, Bilbo, Lakuntza, Irun, Gasteiz, Portugalete, Iruña, Durango, Noain, Mutriku, Azpeitia, Azkoitia, Bergara, Andoain, Itziar, Errenteria, Lezo, Tolosa, Legazpi eta Debako klarinete joleak izan dira.  Eta partaide kopuru honi hauen bueltan mugitzen diren guztiak ere gehitu behar zaizkio: irakasleak, gurasoak, musika etxeetako profesionalak, etab. “14 edizio egin eta hainbeste partaide izatea, marka handia da eta erakusten du Maratoia ez dela atzean geratzen ari, bost egunetan zehar gauza asko eskaini baitira; klarinete eskolez gain, erakusketa, teknologia berrien saioak, emanaldiak, lehiaketa, kontzertu bikainak izan dira”, dio Marixi Sesma antolatzaileak. Oraingoan ere hainbat berrikuntza izan dira harrera ona izan dutenak eta ildo beretik jarraituaz, antolatzaileak ari dira hurrengo ediziorako ere beste ideia batzuekin bueltaka eta itxura ematen.

Adin guztietako Kontserbatorio eta Musika Eskola askotako ikasleak hurbildu dira Zumaira egun horietan. “Askok errepikatu egiten dute eta beste batzuk estrainekoz etorri dira, baina, hurrengo urtean bueltatzeko asmoa azaldu dute, nahiz eta egunerokotasunagatik mugitzeko malgutasun arazoekin topatu; tartea bilatuko dutela esanez joan ziren, honelako ekintzak ez baitira hain eskuragarri eta kontzentratuta egoten”.  Publiko zabalera begira eskainitako ekitaldietan ere jendearen harrera ona izan da. “Bitxikeri moduan aipatu behar da kanpotar ugari inguratu direla eta guztiek eskerrak eman dutela honelako ekintzak aurrera eramateagatik”.

Laukote lehiaketa

Azkenik, aipatu azken urteotan indarra hartu duen laukote lehiaketa kontzertuaren irabazleak. Aipatu beharrekoa da 12 laukotek izena eman eta parte hartu zutela, hiru maila ezberdinetan banatuak: 8-12 urte, 13-16 urte eta 17-20 urte bitartekoak. Errenteria, Lezo, Andoain, Tolosa, Deba eta Zumaiako ikasleek osatutakoak izan ziren. Gaia eta helburua klarinete laukoteentzat idatzita dagoen literatura obra originalak zein moldaketak, sustatzea da. Epaimahaikideak, Urval Ensemble, ZUMB, Musika Jaialdia eta irakasle adituakpublikoaren artean nahastuta egon ziren. Besteak beste, oso kontuan hartuko ziren irizpideak hauek izan ziren:

  • Aurkeztutako lanen  trebetasuna baino, originaltasuna edukitzea.

  • Klarinetea eta bere familiako instrumentuak erabiltzea.

  • Agerlekuan azaldutako jarrera.

Sariei dagokionez, maila bakoitzean, talde irabazlearentzako 200 euro eta diploma izan zen. 17-20 urte bitarteko mailan, gainera, irabazleek aukera izango dute 2016eko udan, Zumaiako Musika Jaialdian kontzertua eskaintzeko. Sarituak hauek izan dira:

  • 8-12 bitartekoak, Maddi Elizasu, Leire Barquero,  Xabier Ucin eta Aizpea Oria andoaindarrak.
  • 13-16 bitartekoak, Tolosako Saioa Fernández, Leire Bengoetxea, Naroa Becerril eta Lur Zabala.
  • 17-20 bitartekoak Claudia Alduncin Andoaindarra, Leire Rodriguez Durangokoa, Malen Trenado eta Peru Tolosa Zumaiarrak.

Irabazleen audioak laster Zumaiako Musika Bandaren blog helbidean entzungai izango dira, Chanel Kiasi, Londresetik Maratoira etorritako ekoizleak (Kiasi Productions) Teknologia berrien erabilpenei buruz eskainitako saioaren ondoren lehiaketa  grabatu baitzuen.