Jon Maia:"Krisialdian zailtzen da pertsona; orain konpletoago sentitzen naiz"

Baleike 2015ko abe. 15a, 20:00

Gipuzkoako Txapelketako finalera iristeko «penitentzia luzea» egin behar izan du Jon Maiak, 2013ko Txapelketa Nagusiko «istripua»-ren ondoren. Gurutzebidean pasatako zailtasunez eta ikasitakoez mintzatu da.

Igeldon bizi da gaur egun Jon Maia Soria (Urretxu, 1972), itsasoaren gainean «ia zintzilik» dagoen loft tankerako etxe batean. Leihatetik itsaso zabala ikusten du. «Ekaitza datorrenean gogor jotzen du, baina ederra da begira egotea».  Etxe berria aurkitu aurretik, Joxemari Olasagasti aizkolariak esnatzen zuen ia goizero. «Harenaren alboko baserrian egin nituen lehen sei hilebeteak Igeldon, gustuko lekua aurkitu bitartean. Haren aizkorakadekin eta arnasaldi bortitzekin esnatzen nintzen askotan». Oraingo etxe paretik, berriz, Donejakue bideko erromesak pasatzen dira egunero.   
Kotxea ere aldatu du. Gris koloreko Nissan batean etorri da Zumaian jarritako hitzordura. Peugeot beltzak eman zituen eman beharrekoak: 400.000tik gora kilometro zeuzkan harekin eginak, plazaz plaza, saioz saio. «Elkarrizketa terrazan nahiago», eskatu du. Korrika saioa eginda eta gosaldu gabe etorri omen da, eta kafea eta tortila pintxoa hartu ditu tabernatik. Zigarroa piztu du. 2013ko azaroaren 16ko kontuak ekarri ditu keak mahai gainera.
 
Istripu handitzat definitu zenuen Oiartzungo final-laurden hartan gertatu zitzaizuna.
Derrepente oso hauskorra sentitzen zara. Hamasei urtez Txapelketa Nagusiko finalean kantatu eta gero halako erorialdi bat... Ez da finaletik kanpo gelditu nintzela justu-justu, ez; finalaurrekora ere ez nintzen sailkatu. Autokonfiantza oso ukituta utzi zidan.
Eta zer burutazio izan zenituen krisialdi hartan?
Nire buruari galdetu nion ea amaitutzat eman behar ote nituen txapelketak.
Bistan da jarraitzea erabaki zenuela. Zergatik?
Nik banekien kolpea ez zela izan bertsotan gaizki nenbilelako; ordura arteko urterik onenak izan ziren haiek. Eta segituan etorri zen Gipuzkoako Txapelketan izena emateko momentua...
Eta izena ematea erabaki zenuen.
Ezin nuen gelditu sentsazio eskas harekin, hura ez zelako nire benetako irudia. Eta Txapelketa Nagusira bueltatzeko Gipuzkoako Txapelketako bide osoa egin beharra zegoen. 
Maiatzean jokatu zenuen lehen kanporaketa. Nola gogoratzen duzu egun hura?
Hernanin izan zen, igande euritsu batean, goizeko 11:00etan. 50 bat lagun egongo ziren 250 lagunentzako areto batean. Giro hotza. Azterketa batera doan umea bezala sentitu nintzen. Beldur handiekin eta deseroso...
Kurtsoa errepikatzen duenaren sentsazioarekin?
Hori da. Oso gaizki pasa nuen. Arnasarekin arazoak izan nituen kantatzerakoan. Saioa irabazi nuen baina ez nuen batere gozatu.
Orduan, ez zen izan mamuak uxatzeko modurik onena.
Ez, eta erabaki nuen nire burua ezin nuela hain estu hartu, eta alde batera utzi behar nuela jendeak nitaz izan zezakeen iritzia. Bigarren kanporaketa oso diferentea izan zen.
Zer gertatu zen, bada, Zizurkilen?
Bartzelona eta Athleticen Kopako finalaren biharamunean zen saioa. Athleticetik deitu zidaten, ea Bartzelonara joateko prest ote nengoen, hitzaldi bat ematera, abioia, hotela eta sarrera emango zizkidatela... Ordura arte, ez nukeen sekula halakorik onartuko txapelketa baten bezperan jai giroa ibiltzea. Baina joatea erabaki nuen.
Eta zer ondorio izan zuen bidaiak?
Igande eguerdian iritsi nintzen Bilbora eta zuzenean joan nintzen Zizurkilgo saiora, lo gutxi eginda: txapelketa batean ge-hien gozatu dudan saioa izan da. 
Hernani eta Zizurkilgo langak gaindituta, uda pasata etorri zen txapelketako lehen kanporaketa, Beasainen.
Berriro Hernaniko sentsazio txarrak izan nituen, oso estu, Zizurkilgoa erabat ahaztuta. Berriro azterketaren aurrean, berriro arnasarekin arazoak... Zorionez, kartzela-n denbora izan nuen  jan eta edateko, eta lasai joan nintzen oholtzara. Bakarkako borobila egin nuen. Poz handia eman zidan. Saioa irabazi egin nuen, baina ez neukan euforia handirik.
Zestoan hurrengo koska, testuinguru ezagunagoan.
Duela 25 urtetik urtero kantatzen dut Zestoan, eta poz handia eman zidan final-laurdenak han izatea. Oso fuerte hasi nintzen. Zortziko handian eta txikian egindako ofiziokako lanak aspaldiko onenak izan ziren. Indar hura ez dut sekula sentitu txapelketa batean. Arnasarekin ere ez nuen arazorik izan. Dena emanda nengoen. Hain dena emanda, derrapatzen hasi nintzela... Konzentrazioa galdu nuen pixka bat.
Hirugarren izan zinen saioan. Espero al zenuen?
Pixkat ukituta utzi ninduen horrek. «Ofizioka hain ondo ibilita hirugarren egin baduk, ez daukak oso erraza», pentsatu nuen.
Baina finalaurrekora sailkatu zinen eta Eibarren finalerako txartela lortu ere bai.
Txapelketa Nagusira sailkatzea zen helburu nagusietako bat, eta hori lortu dut. Baina Eibarren ez nuen nire ametsetako saioa egin, eta nik nahi dut behingoz egun borobil bat ateratzea. Ez dut lortzen erabat askatzea, beti izan dudan konfiantza hori erabat bueltatzea. Bestalde, momentu oso onak izan ditut txapelketa honetan, eta gailur horietara iritsi izanak indarra ematen dit.
Saio borobila egiteko finala baino egun egokiagorik...
Egia esan, finalera oso liberatuta iritsi naiz. Dagoeneko porrotari ez diot beldurrik. Ikusi dut mundua ez dela bukatzen.
Txapela lortzea al dago zure pentsamenduetan?
Egia esan, ez dut txapelaren eszitazioa sentitzen, eta nahiko nuke sentitu. Agian oso bide luzea izan delako eta beste helburu batzuk nituelako. Borroka sakonagoak izan ditut. Finala iritsi arteko egun hauetan nahi dut ilusio hori ekarri nire barrura, sentsazio hori elikatu nahi dut, konzentrazio maila handiarekin iritsi, punta zorroztuta kantatu.
Borroka sakon horietan garaile izan zarela sentitzen al duzu?
Azkenean, zortea izan dut, erorketa hartatik asko ikasi dudalako. Ikasi dut umiltasun lezio bat; ikasi dut hankak lurrean izan behar direla, beti zerotik hasten dela saio bakoitza; nire barruan bilaketa lana egin behar izan dut, nire bertsokera aztertu; lehen maiuskuletan kantatzen nuen: arrazoi absolutuak, proklamak, leloak, ideia orokorrak; orain minuskuletan kantatzen dut gehiago, errealitateari itsatsiago, edozein gai dela ere. Ni naizenarekin konektatzen lagundu dit. 43 urtekin eboluzionatzeko aukera izan da zeharkaldi hau guztia. Krisi garaietan zailtzen da pertsona; ni orain konpletoago sentitzen naiz. Edozein egoerari aurre egiteko kapazago sentitzen naiz. Espero ez nuen egoera bati aurre egin behar izan diot eta gainditu egin dut. Hori irabazi dut.
Txapela irabaziz gero, Inaxi Etxabe oikiarrak jantziko dizu. Joanitoren [Dorronsoro] aukera galdu zenuen...
Bola estra bat tokatu zait... Joanitorenak asko izorratu ninduen. Pena handia eman zidan egun hartan oholtzan ez egoteak. Inaxi pertsonalki ez dut ezagutzen, baina sinbolo bat da. Emakume izateagatik itzalean egon den artista bat. Merezi du oholtzara ateratzea.