Maialen Odriozola: “Gomendatuko nuke azokak eskaintzen duen aukera zabalari ondo begiratzeko”

Baleike 2015ko abe. 4a, 17:34

Bigarren urtez, Maialen Odriozola izango da Durangoko Azokako komunikazio arduraduna. Aurten, 50. urteurrena aitzakiatzat hartuta, inoiz baino indartsuago dator Durangoko plaza. 

Durangoko Azokak aurten 50 urte beteko ditu.
Hori da. Zenbaki biribila da, eta edizio polita izango dela uste dut. Urte batzuk izaten dira bereziak, efemeride kutsua hartuko dutenak etorkizunean, edo mugarri bat jarriko dutenak, eta hau horietako bat izango da. Gu ere ilusionatuta gaude.

Etorkizunera begira bakarrik ez, atzera begiratzeko ere tartea hartu duzue.
Bai. Urtemuga hau aitzakiatzat hartuta, atzera begiratzeko parada hartu dugu. Urte hauen guztien errepasoa egiteko unea dela pentsatu dugu, jorratu den ibilbidea ikusteko garaia. Ildo horretatik, urte hauetako guztietako bizipenak, kontakizunak, historia… laburtzen duen liburu bat argitaratuko dugu. Liburu ederra da, eta egileak Joseba Sarrionandia eta Jesus Maria Arruabarrena dira. Ibilbide honetan gauzak egiteko era nola aldatu den ikusten da, baliabide berriak erabiliz, momentu guztietara egokitzen jakin du Azokak. Eta ez soilik Azokak, baita bere testuinguruak eta euskal kulturgintzak orokorrean ere.

Berrikuntza gisa, DA marka propioa sortu duzue.
Atzera begiratzen jarri ginenean, aurrera begiratzen jarraitzea ez genuen ahaztu nahi izan. Orduan, gazteei gerturatzeko gehienbat, eslogan edo marka irudi berri bat atera dugu. DA edo Durangoko Azoka. Eta esloganarekin hitz joko bat ere egin nahi izan da. Zer da Durangoko Azoka? Sorkuntza da, jaia da, parranda da, kultura da. Azkenean Azoka ez da soilik Landakora mugatzen. Azokaren inguruan sentimendu asko mugitzen dira.

Zer berrikuntza gehiago ditu aurtengo edizioak?
Hasteko, Azokak egun bat gehiago izango du. Guztira 5 egunez egongo da zabalik, abenduaren 4tik 8ra. Lehenengo eguna ikasleen eguna izango da. Milaka ikasle etortzen dira Euskal Herritik eta tailerretan parte hartzeko aukera izaten dute. Bikoizketa tailerrak, aplikazioak sortzeko tailerrak…
Bestetik, boluntario programa bat jarri dugu martxan. Azoka barrutik ezagutzeko eta bertan laguntzeko aukera izango dute. Izena eman eta bakoitzak non lagundu nahi duen aukera dezake: komunikazioan, arlo teknikoan, arlo administratiboan… Izena emateko epea ez da amaitu, baina ikusi dugu arrakasta handia izan duela programak. Azkenen esperientzia positiboa izango da, bai guretzat, baita beraientzat ere.

Nolakoa da Azokaren antolakuntza sarea?
Azokaren antolakuntza talde askotan banatzen da. Gerediaga elkartea dago, Azoka sortu eta betidanik antolatu duen taldea. Hasieran liburu eta disko azoka zen soilik. Baina pixkanaka beste diziplina batzuetako jendea ere elkartzen hasi zen, eta beraien gune edo txokoa ipintzen. Horrela sortu ziren Ahotsenea, sortzaileen gunea, eta han egiten dituzte zuzenekoak eta solasaldiak; Irudienea, zinemari dagokiona; Eszenatokia, antzerkiari eta arte eszenikoei dagokiena; Kabia, mundu digitala lantzen duen txokoa; eta Azoka Telebista. Eta horietan guztietan hainbat elkarte eta pertsonaren elkarlana dago. Orduan, azkenean, antolakuntza lanetan jende asko gabiltza.

Komunikazio taldearen arduraduna zara zu. Noiz hasten zarete lanean?
Gure taldean 4 pertsona gaude. Irailean hasten gara lanean, eta abendura arte aritzen gara, abendua barne, noski. Gure eginkizunak hainbat arlotara zabaltzen dira: publizitate kanpaina diseinatzera, albisteak idaztera, egitaraua antolatzera, spotak egitera, prentsaurrekoak prestatzera, prentsa oharrak egitera, sare sozialetan murgiltzera… Hori izaten da hilabete horietako lana. Eta nire eginkizuna, zehazki, taldea kudeatzea eta guztia koordinatzea eta planifikatzea izaten da.

Era digitalean sartuta gaude erabat. Sare sozialetan presentzia izatea ezinbestekoa da.
Hala da. Dedikazioa eta denbora eskaintzen diegu sare sozialei. Adibidez, orain momentuan, 50 urte hauen errepasoa egiten ari gara twitter bidez, #50urte50mugarri izeneko kanpainarekin. 50 urte hauetako urte bat hartu eta urte horretako mugarri bat jartzen dugu. Adibidez, 1966. urtean Ez Dok Amairu taldea sortu zen. Ondoren, sortzaile edo eragile bati aipamena egiten diegu hauek komentarioren bat egiteko.

Nola bizitzen dituzu egun horiek?
Ba, egia esan, egun politak izaten dira. Aurretik lan gehiago izaten dut askotan. Dena lotzen, planifikatzen, hari sueltorik ez gelditzen… Eta orduan, Azokaren egunetan disfrutatzea tokatzen zaigu, nahiz eta lan dezente izan. Azokan bertan liburuak eta diskoak ikusteko denborarik ez dut izaten, ezta beste diziplinetako emanaldietara joateko ere. Horixe izaten da nire pena.

Durangoko Azoka, azkenean, azoka arrunt bat baino zerbait gehiago da. Parrandara joaten da jendea, kontzertuak ikustera, hitzaldietara…
Horrek izaera berezia ematen dio Azokari. Azkenean euskal kultura kontsumitzera etortzeaz gain, beste gauza askotarako aprobetxatzen du jendeak bisita. Klaseko aspaldiko lagun batekin hitzordua egiteko, familiarekin etortzeko… Topagune izaera du azkenean Azokak. Eta, horretaz gain, plan asko egiteko aukera dago. Liburu eta disko azokaz gain, kontzertuak, antzerkiak eta filmak ikusteko aukera dago, sortzaileak bertatik bertara ezagutzeko aukera… Nik gomendatuko nuke egitaraua ondo begiratzeko. Azkenean, 5 minuturen barruan, izugarrizko ibilbide kulturala dago eskuragarri.

Erlazionatuak