Zilarrezko domina irabazi du Xabier Osak Munduko Txapelketan

Baleike 2015ko ira. 9a, 16:38

Xabier Osa piraguista beteranoak zilarrezko domina lortu du gaur goizean Gyorren (Hungaria) jokatu den maratoi distantziako Munduko Txapelketan. "Azken porteoan akats bat egin dut eta hor joan zait urrezko domina", azaldu digu Osak proba amaitu ostean.

Ezaguna du Xabier Osak Gyorreko zirkuitua, duela zazpi zortzi urte ere han jokatu baitzen Munduko Txapellketa. Orduan ez zuen zorterik izan zumaiarrak, buia bat oker gainditzeagatik deskalifikatua izan baitzen, helmugara buruan sartu ondoren. Gaur ere izan du ezustekorik, eta azken unean egindako akats bategatik egin dio ihes urreak. Baina zilarrarekin ere kontent dagoela azaldu digu: "Ni gustura nago egindako lanarekin. Nire helburua beti izaten da lehiatzea, eta maila ona eman dudala uste dut; pena azken porteoan akatsa egin dudala".

Xabier Osak kontrolatu du estropada uneoro. "Hasieratik neuk jarri dut erritmoa eta lau piraguista joan gara aurrera. Tartean zeuden Errusia eta Alemaniako piraguistak, azken urteotan faborito direnak, eta laugarrena Norvegiakoa". Bost itzuli egin ondoren, estropada buruan iritsi da Osa azken porteora. "Aurrena iritsi naiz, eta berriro piraguan sartzera nindoanean besteak gainera etorri zaizkit, enbarazu egin didate eta motel ibili naiz. Hori aprobetxatu du errusiarrak tartea ateratzeko". Hamar bat metro atera dizkio eta saiatu da Osa hura harrapatzen, baina helmugan Patrice German errusiarra izan da aurrena (1:37:10), Xabier Osa bigarren (1:37:16) eta Johan Wergeland norvegiarra hirugarren. "Alemaniarra leher eginda gelditu da azken porteoan, ezinean". 

Gaur zilarra lortu ondoren, bihar K2ko estropadan hartuko du parte, Luis Medrano espainiarrarekin bikotea osatuta. Apenas izan dute entrenatzeko astirik, baina elkar ondo ezagutzen dute eta eroso doaz elkarrekin ari direnean. Duela bi urte, Danimarkan, urrezko domina lortu zuten, esate baterako, eta aurten pistako Munduko Txapelketan ere azkarrenak izan ziren elkarrekin. Biharko estropadari buruz, Osak badu kezka bat: "Irteera zaila izango da oso. Hiru kategoria batera jarri gaituzte, piragua asko batera, eta lehen ziaboga irteeratik 500 metrora dago; errioko korrontea alde, gainera. Eromena izango da, denek aurrean sartu nahiko dutelako".

Biharko probaren ondoren, asteburuan Itxas-Gaineko jubenilen txanda izango da. Larunbatean Irati Osak K2a osatu du Ainhoa Hidalgorekin, eta igandean Imanol Barruetabeña eta Unai Gerekaren txanda izango da. Iaz izan zuten Munduko Txapelketan parte hartzeko aukera Oklahoman (AEBak), eta aurten jubeniletako ibilbidea borobiltzea da beraien helburua. Ez da ahaztu behar Imanol eta Unai Espainiako eta Europako txapeldun izan direla aurten.