Itxas-Gaineko bost kide maratoiko mundialean izango dira bihartik aurrera

Baleike 2015ko ira. 8a, 21:15

Ezkerretik, Unai Gereka, Ainhoa Hidalgo, Irati Osa eta Imanol Barruetabeña

Unai Gereka, Imanol Barruetabeña eta Irati Osa piraguista jubenilek asteburuan izango dute beraien estropada; Xabier Osak, aldiz, bihar eta etzi izango ditu beteranotako probak.

2007ko irailean, Oier Aizpurua piraguista zumaiarrak maratoiko bere azken munduko txapelketa irabazi zuen Hungariako Győr hirian. Zortzi urte geroako, magyar estatuak berriro hartuko du kirol honetako mundiala eta berriro ere Austriatik hurbil dagoen hiri honetan jokatuko da. 2007. urte hartan bost izan ziren txapelketan aritu ziren Itxas-Gaineko kideak; aurten lau dira Hungariara joandako  klubeko piraguistak: hiru zumaiar, Irati Osa, bere aita Xabier Osa eta Imanol Barruetabeña, eta getariar bat, Unai Gereka. Espainiako selekzioaren ordezkaritzaren baitan izango dira mundialean. 

Gaur abiatu da taldea Hungariara bidean. Jubenil mailako gazteek izango dute entrenatzeko eta estropada eremua ezagutzeko aukera, asteburuan izango dituztelako beraien probak. Xabier Osa beteranoak ez du hainbeste denborarik izango, bihar bertan izango baitu lehen proba, bakarkakoa, K-1ean. 22,2 kilometroko distantzia bete beharko du (bost itzuli luze eta labur bat, piraguaren lehorreko bost eramaterekin). Etzi, ostegunean, binakako proban arituko da Luis Medrano Valladolideko piraguistarekin bikoa osatuta. Distantzia berbera bete beharko du.

Gazteen kasuan, asteburuan burutuko dira beraien probak. Larunbatean Irati Osaren txanda izango da. Azken bi urteetan bezala, Ainhoa Hidalgo Barrikako piraguistarekin osatuko du bikoa. Goizeko 9:03an aterako da hauen proba eta 18,3 kilometroko distantzia bete beharko dute (lau itzuli luze eta labur bat, lau eramaterekin). Irati Osak irabazi zuen bakarkako proban ateratzeko txartela, baina azkenean uko egin zion eta binakakoan bakarrik aterako da.

Unai Gerekak eta Imanol Barruetabeñak igande goizean dute hitzordua, 9:00etan. Gizonezkoen K-2ek 22,2 kilometroko bidea egingo dute (bost itzuli luze eta labur bat, bost eramaterekin). 

Urrearen bila

Xabier beteranoa da dagoeneko eta zenbait munduko txapelketatan izan da, 2007ko Győr-ekoa barne. Hiru gazteentzako, berriz, bigarren mundiala da, iaz Oklahoma Cityn (AEB) izan ondoren. Txapelketa hartan seigarren egin zuten neskek etahamargarren mutilek. Gereka gripearekin egon zen eta horrek bere errendimendua kaltetu zuen. 

Aurten gorenean egoteko asmoarekin doaz. Denboraldian zehar lortutako emaitzen ondoren (Unai eta Imanol Espainiako eta Europako txapeldun izendatu dira) itxaropentsu izateko arrazoiak ere badituzte.