Zestoako eta Zumaiako udalek kirol azpiegituren inguruko hitzarmena sinatu dute

Intza Trula 2024ko mar. 22a, 10:30
IƱaki Ostolaza eta Mikel Arregi alkateak. (Zestoako Udala)

Bi udalek elkarlanean sinatutako hitzarmenari esker Zestoako, Arroabeko eta Aizarnako eskolako haurrek ez dute igeriketa ikastaroetan Zumaiako igerilekua erabiltzeagatik ordainduko. Halaber, Zumaiako zenbait kirol klubek Zestoako kirol azpiegiturak erabili ahal izango dituzte aurrerantzean.

Zestoako eta Zumaiako udalek kirol azpiegituren inguruko hitzarmena sinatu berri dute, 2022an Debako Udalarekin eta Itziarko Auzo Udalarekin batera sinatutako lankidetza hitzarmena baliatuz. Hala, egindako akordioari esker Zestoako, Arroabeko eta Aizarnako eskolako umeek ez dute igeriketa ikastaroak Zumaiako kiroldegian egiteagatik ordaindu beharko. Era berean, hitzarmenean jaso dutenez Zumaiako zenbait kirol klubek Zestoako kirol azpiegiturak erabiltzeko baimena izango dute aurrerantzean, horiek libre daudenean, betiere. 

Horrez gainera, oraindik hitzartu ez badute ere, Zestoako kiroldegiko bazkideek Zumaiako igerilekua erabiltzeko aukera aztertzen dihardute bi udalek. Mikel Arregi Zestoako alkateak eta Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak igerilekuaren erabileraren inguruko hitzarmena "epe laburrean" sinatzea espero dute.