Herrien arteko lankidetza mugak zeharkatzeko

Juan Luis Romatet 2022ko eka. 23a, 20:00
Arantza Egaña, Gilen Garcia, Iñaki Ostolaza eta Mikel Arregi mugarriaren bueltan. Argazkia: Juan Luis Romatet

Hitzarmena sinatu dute Deba-Itziarrek, Zestoak eta Zumaiak. Helburua ez da beste entitate bat sortzea, herri hauetako bizilagunei, mugan bizi direnei bereziki, zerbitzu hobea eskaintzea baizik.

Elkarren alboan, baina mugek banatuta. Administratiboki herri batekoak izanda ere, bizitza hurbilago duten herrigunean egiten duten bizilagunak. Antzerako egoerak bizi dituzte eskualdeko herri edota auzo batzuetan. Narrondoko kasua da, baita Endoia edo San Lorentekoa ere. 

Eguneroko bizitzan muga administratibo horiek herritarrengan sor ditzaketen arazoak ekiditu nahian hitzarmena sinatu dute Zumaiako, Zestoako eta Debako udalek, baita Itziarko Auzo Udalak ere, eta hala eman zuten atzo jakitera Zumaiako Jadarre auzunearen atzealdean, hiru herriak lotzen dituen mugarriaren bueltan Zumaiako alkate Iñaki Ostolazak, Zestoako alkate Mikel Arregik, Debako alkate Gilen Garciak eta Itziarko alkate Arantza Egañak.

Elkarri itsatsita egon arren, hiru herriak bi bailatan –Deba eta Urola bailaratan–, eta hiru eskualdetan banatuta daude: Zumaia Urola Kostan, Urola Erdian Zestoa eta Debabarrenean Deba-Itziar. Horrek zaildu egin izan du hiru herrien arteko harremana.

Mugakideak diren entitateek herritarrei bideratutako zerbitzuen antolaketan, garapen sozioekonomioan eta ingurumenaren kudeaketan estrategia bateragarriak eman ahal izateko antolaketa iraunkor baten beharra ikusi zuten, eta sinatu duten lankidetza hitzarmen hau da horren erantzuna. Akordio honek lau ekinbide izango dituztela ere eman dute jakitera. Hala, herritarren zerbitzuan, herrien sozio-ekonomian, ingurumenean eta kultura eta ondarean izan nahi du eragina hitzarmenak, sinatzaileen esanetan. 

Arazoak ekidin

Ostolazak ekitaldian azaldu zuenez, helburua ez da beste entitate bat sortzea, herrien eta herritarren arteko lankidetza erraztea baizik. "Inguruko baserri batzuek arazoak izaten dituzte. Adibidez: baserri batzuek Zumaiatik hurbil daude, baina administratiboki Debakoak dira, eta horrek zailtasunak sortzen dizkie", aipatu zuen. 

Mugek batez ere banalerroen inguruan bizi diren herritarrengan zenbait arazo sortzen dituztela jakitun dira agintariak, hala nola, bideen hobekuntzan, hondakinen jasotzean edota uraren horniduran. "Udal batek eman dezake zerbitzua eta beste udal batek kobratu", gogoratu zuen Ostolazak. Hitzarmenaren arabera, deskoordinazio horrek herritarren zerbitzuan eragin kaltegarria izateaz gain, udalen tasen kobrantzan ere desorekak sortzen ditu eta kasu batzuetan udalek emandako zerbitzua ez da kobratzen. 

Arlo sozioekonomikoan lankidetza esparru ezberdinak sustatzea ere beharrekoa ikusten dute. Bestalde, hitzarmenak ere jasotzen du bertako turismo eredua lantzeko edo merkataritza suspertzeko elkarlanaren beharra. Larrialdi klimatikoaren aurrean, berriz, partekatzen duten lurraldea zaintzea eta baso politika egoki bat garatzea lehentasuna izan behar duela diote. 

Hiru udalerrien arteko muga inguruan dagoen ondarea "babestu, ikertu eta ezagutzera emateko proiektuak lantzea" ere ezinbestekoa ikusten dute sinatzaileek. Baita mugakideak diren populazio-guneen (Narrondo, San Lorente, Endoia) kultur eta festa jardueretarako dirulaguntza irizpide "bateratuak eta koordinatuak" ezartzea ere. Udalerrien mugak zehazten dituzten mugarriak berreskuratu eta hauen ezagutza sustatzea; kultur eta festa arloan, herrian bertan sortutako proiektu edota taldeen elkar-trukaketa; edota kirol arloan egitasmo komunak lantzea ere jasotzen du akordio honek.

Mikel Arregi Zestoako alkateak gogoratu zuen Debarekin duela Zestoak mugarik handiena, eta bi herrien artean ez dagoela lotuko dituen errpiderik ere. Aipatu zuen Zestoako auzo batzuek, Arroa Beheak kasu, lotura handiagoa dutela Zumaiarekin Zestoa berarekin baino.

Debako alkate Gilen Garciak, berriz, auzoekin egindako lanketaren garrantzia azpimarratu zuen herrigintza sustatzeko, eta Deba eta Itziarren arteko harremana jarri zuen horren adibide.

Emaitzak jada

Hitzarmen hau sinatu aurretik bilera batzuk egin dituzte dagoeneko alkateek, eta lankidetza gogo horrek jada emaitzak eman dituela ere gogoratu dute: Eskola Kirol Egokituko programa da horren adibide. Urtean zehar biltzen jarraitzeko borondatea erakutsi zuten ekitaldian.