"Urtea amaitu aurretik" esleituko dituzte Iraeta-Narrondo bidegorri zatiko tunelak egokitzeko lanak

Maialen Etxaniz 2023ko urr. 4a, 10:21
Iraetako zubia. (Zestoako Udala)

Eusko Jaurlaritzak eman dio berria Zestoako Udalari, eta hark adierazi du "espero" duela lanak "epe ertainean" martxan jartzeko moduan izatea. Zestoako Udalak nabarmendu du "albiste ona" den arren, Urolako Bide Berdearen lanak "asko luzatzen" ari direla. 

Iraeta eta Narrondo arteko bidegorri zatiko bi tunelak egokitzeko lanak urtea amaitu aurretik lizitaziora aterako dituela jakinarazi dio Eusko Jaurlaritzak Zestoako Udalari. Horrela jakinarazi du ohar bidez Zestoako Udalak, eta erakundeak adierazi du "albiste ona" den arren, Urolako Bide Berdearen lanak "asko luzatzen" ari direla.

2022ko otsailaren amaieran Urolako trenbide zaharraren bi auzoen arteko tartea bidegorri bihurtzeko -Urolako Bide Berdea- lankidetza iragarri zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak. Urtebete geroago, 2023ko martxoaren hasieran, Zestoako eta Zumaiako alkateek, Mikel Arregik eta Iñaki Ostolazak, salatu zuten urtebete eta gero lanak oraindik egin gabe daudela. Horren ostean, apirilean, aldundiak jakinarazi zuen Batzar Nagusiek "berretsi " egin zutela "Zumaiaren eta Zumarragaren arteko Urolako Bide Berdea osatzeko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmeneko akordioa", baina azken hilabeteetan ez da aurrerapausorik izan. Orduko hartan Eguzki talde ekologistak ere aldundiaren "utzikeria" salatu zuen, eta adierazi zuen erakundeak "etengabe urratzen" dituela bidegorriko lanen epeak.

Zestoako Udalak adierazi duenez, "urtea amaitu aurretik" esleituko dituzten lanetan, "bi tunelak irekiko" dituzte: "Tunel bat motza da eta bestea 400 metrokoa. Eusko Jaurlaritzak tunelen egokitzapen lanak egin ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura izango da plataformako lanak egitea". Apirileko lankidetza akordioaren arabera, ETS Euskal Trenbide Sarea arduratuko da bi tunelen egitura egonkortzeaz, eta "lurpeko pasabideetan lan horiek diseinatzeaz, lizitatzeaz eta gauzatzeaz". Aldundiko Mugikortasun Departamentuak hartuko du, aldiz, "bere eremuari dagozkion jarduketak garatzeko" ardura. Aurten 450.000 euro bideratuko ditu lan horietara, eta datorren urtean 1.819.075 euro.