Eguzkik salatu du aldundiak "etengabe urratzen" dituela bidegorriak eraikitzeko epeak

Nerea Uranga 2023ko api. 6a, 13:02

Iraeta eta Narrondo arteko bidegorria egitekoak diren lekuan dagoen tuneletako bat. (Eguzki)

Iraeta eta Narrondo arteko bidegorri zatia jarri du salaketaren adibide gisa Eguzki erakunde ekologistak. Aldundiak bidegorri zati horretako obrak urte honen hasieran hasiko zituela agindu zuela, eta hitza ez duela bete gogorarazi du Eguzkik.

Joan den astelehenean Gipuzkoako Foru Kontseiluak zein Batzar Nagusiek onartu zutenari heldu dio Eguzkik: "Eusko Trenbide Sarearekin Iraeta eta Narrondo bitarteko bidegorria egiteko hitzarmen bat sinatuko zuela jakinarazi zuen Foru Kontseiluak. Eta erakundeak egindako testuan 'Urolako Bide Berdea amaitzetik askoz ere gertuago dago' irakur daiteke. Alegia, berriro ere propaganda, 'hau aurrera doa', esanaz bezala".

Adierazpen edota erabaki horren baitan, aldundiak inolako autokritikarik ez duela egiten salatu du Eguzkik idatziz: "Zor du azalpen bat. Izan ere, 2022ko otsailaren 24an, Iraetako tren geltokiaren aurrean, Iñaki Arriola Garraio sailburuak eta Rafaela Romero Mugikortasun diputatuak hitzarmen hori iragarri zuten, eta Iraeta eta Narrondo arteko bidegorri zatia eraikitzeko lanak aurtengo urtearen hasieran hasiko zituztela esan zuten. Ez gara ari ezer asmatzen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunea da horren lekuko: hemen".

Aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariek agindutakoa ez dutela bete salatu du Eguzkik: "Urtea hasi da, eta lanak hasi gabe daude. Are gehiago, martxoan jakin genuen, Zestoako eta Zumaiako alkateek eginiko salaketa publiko baten bidez, Eusko Trenbide Sarearen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko hitzarmena oraindik sinatu gabe dagoela. Eta aldundiak berak astelehenean kaleratutako idatzian horixe dio, hitzarmena sinatu gabe dagoela, baina dagoeneko dena prest dagoela eta 'berehala' sinatuko dela".

Iraeta eta Narrondo arteko bidegorria egiteko "urtebete gehiago" galdu dela kritikatu du Eguzkik. "Bidegorri zati horren lehen atzerapena balitz, tira, gaitz erdi. Ez da, hala ordea. 2019an, aldundiak lanak urte hartan bertan hasiko zirela esan baitzuen. Atera kontuak".

Iraeta eta Narrondo arteko bidegorriak zeharkatuko lukeen bigarren tunela. (Eguzki)