‘Flysch’ organo zikloko kontzertua izango da larunbatean parrokian

Baleike 2016ko uzt. 12a, 19:01

Murnauren Fausto pelikula emango da eta Bartzelonako Sagrada Familiako organojole Juan de la Rubiak zuzeneko organo doinu inprobisatuak jarriko dizkio.

Aldareak, erretaulak, kalizak, makina bat altxor gordetzen dira elizetan, parrokietan, santutegietan eta katedraletan. Xumehenetatik hasi eta handienetaraino, denek izaten dituzte balio neurtezineko artelanak. Tenplu hauetan badira, baina, beste era bateko altxorrak, atzealdean, koroan, hormari lotuta izaten diren organoak, hain zuzen ere. Orkestra bat osatzen duten instrumentu ia guztiak jotzeko gaitasuna duen tresna mekaniko hauek mezak laguntzeko erabiltzen dira gehienetan eta hortik kanpo hautsa pilatzen egoten dira.

Horren jakitun, eta inguruko herrietan dauden organoen kalitateaz ohartuta, Santiago Banda organojole zumaiarrak Flysch izeneko nazioarteko organo jaialdia antolatu du. Uztailean zehar, astebururo izango dira organo kontzertuak Getaria, Deba eta Zumaiako parrokietan. Lehen biak, Getariakoa eta Debako lehena, egin dira dagoeneko; Zumaiako bi hitzorduak eta Debako bigarrena egiteko falta dira.

"Euskal Herrian, eta bereziki Gipuzkoan, organo oso onak daude, baina mezaz aparte, ez zaie ia erabilerarik ematen. Debakoa, adibidez, oso organo berria da, eta oso garestia. Nik uste instrumentu hauei erabilera eman behar zaiela eta horregatik antolatu dut ziklo hau", azaldu digu Santiago Bandak.

Nafarroan antolatzen diren organo zikloak hartu ditu eredutzat. "Debako lehen kontzertua eman duen Jose Luis Echechipiak antolatzen du. Gure aurretik doaz eta, gainera, Nafarroa osoan egiten da. Hemengo ziklo hau, aldiz, hiru herritan bakarrik egingo da, Getarian, Zumaian eta Deban. Jabedun naiz herri hauetan turista kopuruak asko egin duela gora eta horregatik jarri diot Flysch izena. Hiru herriak lotzen ditu eta turismoa erakartzen duen elementua ere bada".

Ohikotasunetik ihesi

Ohiko organo kontzertuetatik ihes egin nahi izan du Bandak eta horren erakusgarri da Getarian, ziklo hasierako kontzertua. Cristobal Balenciagaren herrian musika eta goi mailako joskuntzak uztartu zituen. "Amaia Larrayoz eta Lucia Gomez abeslariek Jose Martinek egindako jantziak eraman zituzten. Kontzertuan zehar arropak aldatzen joan ziren". Santiago Banda berak jo zuen Getariako San Salvador elizado organoa. "Ez da asko ezagutzen den organoa. Amaieran Getariako alkatea etorri zitzaidan eta esan zidan lehen aldia zela halako kontzertu bat ikusten zuela eta asko gustatu zitzaiola. Ea kontzertu gehiago ematen diren herri honetan".

Zumaian larunbat honetan (22:00etan, parrokian) izango den kontzertuan, berriz, Fausto pelikula emango da eta haren gainean inprobisatzen joango da Juan de la Rubia, Bartzelonako Sagrada Familiako organojolea.

Hilaren 24an (20:30ean), Debako Andra Mari elizan, Orkestraren transkripzioak kontzertua eskainiko du Daniel Oyarzabalek eta, amaitzeko, uztailaren 30ean, Zumaiako San Pedro parrokian (20:30ean), Udako soinuak izeneko emanaldia eskainiko dute Miriam Cepeda organojoleak eta Luis Alberto Requejo klarinetistak. "Jazza eta beste estilotako musikak joko dituzte. Organoarekin mota askotako musikak jo daitezkeela erakutsiko dute". 

Erlazionatuak