'Fausto', Alemaniako zinemagintzako altxor handia

Baleike 2016ko uzt. 12a, 19:00

Flysch organo zikloaren baitan, larunbat honetan, 22:00etan, Fausto pelikula emango da parrokian. Juan de la Rubia Bartzelonako Sagrada Familiako organojolea inprobisatutako musikak lagunduko ditu irudiak. 

XX. mende hasieran Alemanian egindako zinemagintzak tarte berezia du zine historian. Espresionismoa bezala ezaguna, bi zuzendari nagusi izan zituen: Fritz Lang eta F.W. Murnau. Lehenak Metropolis, M edo Die Nibelungen bezalako lanak egin zituen Alemanian, naziak boterera heltzerakoan Estatu Batuetara joan zen arte.

Murnau, berriz, Nosferatu, Der Letzte Mann eta Faust pelikulen egilea da. Azken hau 1926an zuzendu ondoren Estatu Batuetara joan zen.

Arima deabruari jakinduriaren truke saldu zion pertsonaian oinarritzen da Faustoren mitoa. Aurretik beste zenbait idazlek hartu zuten pertsonaia hau beraien lanen oinarri bezala, baina Murnau Johann Goetheren idatziaz baliatu zen zine historiako altxor hau egiteko.

Alemaniako literaturaren idazlanik gorenetzat jotzen dute askok Goetheren Fausto. Lanak hainbat gai jorratzen ditu, besteak beste, gaztetasun amaigabea, askatasuna, ongia eta gaizkiaren arteko erlazioak, morala edota giza-izaeraren mugak.

Larunbat honetan, 22:00etan, maisu lan hau ikusteko aukera izango da, non eta San Pedro parrokian eta Juan de la Rubiaren organo doinuen laguntzarekin. Halako aukerak ezin dira galdu.