Haizetea ez, urakana

Trenaren makina zubian; bagoiak errioan. (Zumaiako Fototeka)

22 lagun zendu ziren 1941eko otsailaren 15ean Zumaian izandako tren istripuan. Haize bolada bortitz batek trenzubian geratuta zegoen treneko bost bagoi bota zituen, eta beste laurak iraulita geratu ziren.

Zer indar izan behar du haize bolada batek auskalo zenbat tonako bagoi kopuru hori trenzubitik botatzeko? Haizetea baino, "urakana" izan zen otsaileko gau hartan Zumaia kolpatu zuena. Hala gogoratzen zuen Manuel Esnalek. 13 urte besterik ez zituen eta istripuaren ondoko orduetan gertatu zen guztiaren lekuko izan zen. Hala kontatu zuen 2016ko Baleike aldizkarian egindako erreportaje batean.

Eta izango zuen arrazoia, haizete haiek, haize bolada bortitz haiek, urakan hark elikatutako suteak Santander hiriko (Espainia) alde zaharra suntsitu baitzuen gau hartan bertan, Zumaiatik 170 kilometrora.

Ez zen inolaz ere samurra izango gau beltz hartan bizitakoa, ezta hurrengo goizeko lehen ordutan ikusitakoa. Oraindik ere gerraren amesgaiztotik esnatu ezinik zegoen herria aztoratu zuen urakanaren pasatzeak. Lekukoen testigantzez gain, argazkiak geratzen dira, Zumaiako Fototekan jasotzen den irudi hau, esaterako.

Baleikek herritarrak animatu nahi ditu etxean gordeta dituzten argazki zahar eta esanguratsu horiek hartu, eta atal honetan partekatzera. Argazkia emailez bidal daiteke–zumaia@ukt.eus– edo eskura eman daiteke – Foronda, azken solairua–.

Zumaia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide