Urakanak trena bota zuenekoa

Baleike 2019ko ots. 15a, 09:00

Zumaiatik irten eta Donostiara zihoan trena Urola ibaira erori zen 1941eko otsailaren 15ean. 22 hildako eta 54 zauritu izan ziren istripu hartan eta aurten gertakariaren 78. urteurrena betetzen da. Hori dela eta, duela hiru urte landutako erreportajea ekarri du Baleikek webgunera.

Ilargi beteko gau bat zela du gogoan Manuel Esnalek. Haize boladak itzelak ziren, urakanaren parekoak. 13 urte zituen Manuelek 1941eko otsail hartan. «Halako haizea egiten zuen teilak hegan eramaten zituela. Makina bat zuhaitz ere bota zituen haize hark». Penintsulako iparralde guztian izan zuen eragina garaiko egunkarietan urakana bezala definitu zuten hego-ekialdeko haize bortitzak: Bilbon txikizioak eragin zituen hainbat eraikinetan; Santanderren, berriz, alde zahar osoa desagertu zen haizearen ondorioz piztutako sutearen ondoren. Zumaian 22 hildako eragin zituen tren istripua gertatu zen otsailaren 15 hartan. Gertakari lazgarri haren 75. urteurrena betetzen da aurten. 

Manuel tren estaziotik hurbil bizi zen, Mendaro etxean. Trenari lotuta joan da bere bizitza osoa. Bere aita treneko langileburua zen: Zumaia eta Zarautz arteko burdinbidearen ardura zuen. Manuelek aitaren bidea jarraitu zuen: faktore bezala hasi zen eta erretiroa hartu aurreko 20 urtetan Zumaiako tren estazioko burua izan da. 88 urte beteko ditu aurten eta gau ilun hartako gertakariak herenegun pasa izan balira bezala gogoratzen ditu.

Bilbotik Donostiara zihoan trena atzerapenarekin zetorrela du gogoan. «Arratsaldeko 8:30ean heldu behar zuen Zumaiara, baino gaueko 11k inguru izango ziren heldu zenerako. Tren-makinak eta hamar bagoiek osatzen zuten konboia. Estaziotik Donostiarantz atera zen momentuan, zuhaitz handi bat katenariaren gainera erori zen. Txinpartak etxetik ikusi genituen. Halako zorte txarra izan zen konboia Urola gaineko trenzubian geratu zela indarrik gabe. Bertan geratu zen geldirik, ez aurrera, ez atzera».

Une txarrenean eta leku okerrenean, Manuelen ustetan. «Bi tunelen artean geratu izan balitz ez dut uste ezer gertatuko litzatekenik, baina justu trenzubi gainean geratu zen konboia, haizeari aurre egiteko babesik ez zuen tokian». Haizeteek zuzenean jotzen zuten trena.

45 tona zituen tren-makina zubian mantendu zen, «errailetik irtenda. Makinaren atzean zihoan bagoi bat zintzilik geratu zen makinari lotuta, hiru erriora erori ziren eta besteak ibaiaren ertzean geratu ziren iraulita», dio Manuelek. Istripuaren ingurukoak ematen zituzten orduko egunkariak gordeta ditu. Argazkiek garbi erakusten dute istripuaren larritasuna.

Orduko Zumaiak gaurkoarekin zer ikusi gutxi du. «Dozena bat etxe egongo ziren Estazio auzoan eta bertan trenarekin zerikusia zuen jendea bizi zen. Herria eta auzoaren artean etxe gutxi batzuk bazeuden baina bestela erribera zen hura». Hala ere, istripuaren berri berehala zabaldu zela du gogoan. «Garai hartan militarrak zeuden Hotel Amayan eta egindako deiari erentzunez, laguntzera hurbildu ziren. Baita herritar mordoa ere. Orduan linternarik ez zegoen eta kriseiluak erabili ziren argi bezala».

22 hildako 

22 pertsona hil ziren Euskal Herrian izandako tren istripu larrienetako batean. 54 zauritu ere izan ziren. Hildakoen artean eskualdeko zenbait bizilagun zeuden (Zarauzkoak, Getariakoak eta Azpeitikoak), baina baita Urrestilla auzoan eta Azpeitian maistra lanak egiten zituzten Donostiako bi emakume ere. «Artadin maistra lanak egiten zituen emakumezko bat gure amaren laguna zen eta ikusita zer nolako atzerapenarekin zetorren trena, gaua gure etxean pasa zuen. Hala salbatu zen istriputik».

Gorpu gehienak unean bertan berreskuratu zituzten, ibaian edo bagoietan bertan. Treneko buruaren gorpua, baina, Landetako Santons hondartzan aurkitu zuten astebetera. Ikerketa batzuen arabera, trena uretara bota zuen haize boladaren abiadura orduko 180 kilometrokoa baino handiagoa zen.

Erlojua eta gurina

Amaya hotelean zeuden militarrek laguntzeko prestutasuna erakutsi bazuten ere, une ez hain gogoangarriak protagonizatu zituztela dio Manuelek. «Bi militar gorpu bat eramaten ari ziren eta justu gure etxearen aurrean geratu ziren, nire leihoaren azpian. Militar hauetako batek hildakoaren erlojua hartu zuen eskumuturretik eta poltsikoan gorde0 zuen. Garbi-garbi ikusi nuen».

Beste mota beteko pasarteak ere gogoan ditu. Gerraosteko negu amaigabean, gosea nagusi zen garai hartan, aurkikuntza baterako tartea ere izan zuen. «Hurrengo egunean lagun talde bat istripua izandako bagoi batean sartu ginen eta bidaiari batek utzitako janaria aurkitu genuen. Hala izan genuen gurina dastatzeko aukera!».