PIZTUk energia-kontratuak ulertzeko aholkularitza zerbitzua ireki du

Erabiltzailearen aurpegia Piztu energia-komunitatea 2024ko urt. 8a, 09:12

Piztu Kooperatibak etxeko energia-kontratuen fakturak ulertzeko doako aholkularitza zerbitzua sortu du, eta herritar guztiei zabalduko die.

Piztu irabazi asmorik gabeko zerbitzu-kooperatiba da, eta, besteak beste, energia berriztagarria sortu eta hura arduraz erabiltzeko bideak ireki nahi ditu. Baina, gainera, kontsumo-kooperatiba ere bat da, eta, energia-merkatua bezain eszenario konplexuan, haren helburuen artean kontsumitzaileak prestatzea eta haien alde egitea ere badago. 

Hori dela eta, familia-ekonomia babesteko helburu, energia-enkanteen, kontratu engainagarrien edo BEZaren igoeren eta jaitsieren labirinto horretan, gure energia-faktura ulertzea, zer kontzepturengatik ordaintzen dugun jakitea eta kontratu bat edo bestea aukeratzeko unean irizpide zehatzak izatea funtsezkoa da.

Zerbitzua herritar guztientzat zabalduta dago eta ostegunetan 16:30etik 20:00etara doan emango da Alberga elkarteak eskainitako espazioan, hau fa, Eusebio Gurrutxaga plazako gizarte zentroko -Hogarreko- lehen pisuan.

Arreta jasotzeko txanda hartzea ezinbestekoa da, eta fakturak@piztu.eus helbide elektronikoaren bidez egin behar da.