Eguzkia iritsi da itsasora

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2022ko mai. 6a, 18:55
Urteko lehen ilunabarra itsasoan. Argazkia: Gorka Zabaleta

Maiatzeko lehen astean gertatzen da, eta uda badatorren seinale da gutako askorentzat: eguzkiak Matxitxakoko lurmuturra gainditzen du, eta itsasoan murgiltzen da ilunabarrean. 

Aukeratutako begiralekuaren arabera (Algorri, Itzurun, Talaimendi, Paola...), egun bat lehenago edo beranduago egokituko zaizu eguzkiaren estraineko zanbuila. Nik agendan ondo gordeta neukan atzoko data, maiatzaren 5a, nire gustuko talaiatik horixe delako egun seinalatua. Gero, noski, zortea ere behar da, makina bat aldiz gertatzen baita azken unean eguzkia lainoen atzean ezkutatzea, eta akabo argazkia... Baina atzo ez; atzo, 21:15ean, suzko bolak jauzi garbia egin zuen azken lurmuturreko tranpolinetik, Lekeitioko eta Matxitxakoko itsasargiak lekuko.

Aurrerantzean, egunez egun kostaldetik urrunako murgilduko da eguzkia, ekainaren 23ra arte. Orduan, atzeranzko bideari ekingo dio pixkanaka, egunez egun, abuztuko lehen astean (5-6-7, begiralekuaren arabera) lehorrean ezkutatzen hasiko den arte. Badauzkagu, beraz, hiru hilabete ikuskizun paregabea gozatzeko. Zorionekoak gu.