Izar gabarrantzan

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2020ko eka. 24a, 22:16
Algorriko punta eta izar arrastoak. Argazkia: Gorka Zabaleta

Nik aurten izarrekin ospatu dut udako solstizioa. Egun aproposak izan dira izarren arrastoekin jolasteko eta gau giroaz bakardadean gozatzeko. Hiru argazki hauek ekarri ditut etxera gabarrantzatik.

Aspalditik nuen gogoa izar arrastoen argazkiak egiteko eta egunotan izan dut aukera. Asmatuz gero, argazki bitxiak lor daitezke eta, gainera, aitzakia ona da goizaldeko ordu txikitan ibiltzeko. Teknikoki ez du aparteko zailtasunik, baina aurrelana eskatzen du eta pazientzia.

Ezinbestekoa da aldez aurretik erabakitzea zer argazki atera nahi duzun eta ondo planifikatzea. Lehen planoan zer jarriko dut? Haitz bat? Eraikin bat? Konposizioarekin probak egun argiz egin behar dira, gero ilunpean ez delako ezer ikusten. Oso garrantzitsua da aukeratutako lekua herrigunetik aparte samar egotea, argi artifizialik ez egotea gertu: askoz izar gehiago harrapatuko ditu kamerak. Ilargia ere saihestu behar da, zerua ahalik eta ilunen egotea komeni zaigu, izarrak nabarmentzeko. Eta noski, zeruak oskarbi egon behar du... Badira, beraz kontuan hartu beharreko zenbait baldintza. Gainera, harraldean edo hondartzan atera nahi badituzu argazkiak, marea ere zaindu behar da.

Beraz, nire kasuan, egutegian begiratu nuen noiz tokatzen ziren ilargi berria eta itsasbehera gauez, eta gero egunez egun eguraldiaren iragarpena zaindu.

Igandean izan nuen lehen aukera. Gauerdi aldera, kamera, tripodea eta linterna hartu eta Algorrira joan nintzen. Eguraldi zoragarria, ilargirik ez, zerua garbi eta marea behean. Harraldera jaitsi eta Algorriko puntara begira jarri nuen kamera. Proba batzuk egin ondoren, 300 argazki atera nituen bata bestearen atzetik (15 segundukoa bakoitza) ordu eta laurdenean. Horrela, izarrek ordu eta laurdenean egiten duten bidea jaso nuen (berez, Lurra da mugitzen dena). Nire kamerak automatikoki batzen ditu argazki guztiak, baina bestela lan hori ordenagailuan egiteko softwarea dago.

Bigarren argazkia begiralekutik egin nuen. Mila aldiz ikusi dugu argazki tipikoari ukitu berezi bat eman nahi izan nion. Hemen ere 300 argazki ordu eta laurdenean. Bi argazkietan linterna erabili nuen haitza argiz margotzeko. Ez dakit hemen igerriko den, baina pare bat izar iheskor harrapatu zituen kamerak –izar arrastoen norabidetik kanpo doazen bi marratxo dira–.

Bi argazki horiek egin nituen igandetik astelehenerako gauean. Atzo beste saio bat egin nuen. Bezperakoa hobetzeko itxaropena nuen, bideoren bat osatzeko moduko materiala lortu nahi nuen. Baina uste baino gabarrantza eskasagoa izan zen. Eguneko beroak lanbro fin bat sortu zuen eta zerua ez zegoen behar bezain garbi, baina Itzurunen egoteko giro zoragarria zegoen eta kamera lanean jarri nuen Talaimendiko labar tontorrei begira. Eta, bitartean, ni gau giroarekin, olatuen soinuarekin eta etxetik eramandako liburuarekin entretenitu nintzen.

Argazki honetarako ez nuen linternaren argirik erabili behar izan labarra marrazteko, Itzurun gainean dagoen argi fokoak egin zuen lan hori. Dena den, pena da hondartzan hain argi indartsua egotea gau osoan (hondartza guztia argiztatzen du); izarren argazkiak egiteko, behintzat, ez du batere laguntzen. Igerriko duzue hirugarren argazki honetan izarren arrastoak ez direla hain garbi ikusten, eta gutxiago daudela. Lanbroaren eta Talaimendiren bestaldean herriak sortzen duen argi kutsaduragatik da hori (zeruko kolore laranja herriko argiena da).

Azalpenekin amaitzeko, ohartuko zineten izarrak koloretakoak direla (urdinak, laranjak...), eta lehen eta hirugarren argazkietan izarrek borobil bat osatzen dutela, erdian mugitu ez den izar baten inguruan biraka. Ba al dakizue zer izar den zeruan sekula mugitzen ez den hori? Ipar izarra. Kamera norantz begira jarri, izar arrastoen marrazkia diferentea izango da. Baina hori eta beste hamaika kontu esplikatzeko lerro asko beharko nituzke eta uste dut gehiegi luzatu naizela dagoeneko. Norbaitek interesa badu gaian, photopills oso erraminta egokia da ikasteko, eta aurreikuspenak eta kalkuluak egiteko. Nik aplikazio hori erabili dut egunsentiak, ilunabarrak eta holakoak kalkulatzeko.