Egun luzeenetako ilunabarrak

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2020ko eka. 22a, 20:00

Urteko egunik luzeenak dira hauek, eta garai honetantxe egiten du eguzkiak zanbulla itsasoan kostatik urrutien. Atzoko ilunabarrekoak dira irudiak.

Bermeotik zortzi bat kilometrora dagoen La Gaviota plataforma ere gainditzen du eguzkiak egunotan, baina laster hasiko du atzeranzko bidea. Ostiralerako lehen minutua kenduko dio gauak egunari eta, pixkanaka, eguzkia ere kostaldetik gero eta gertuago murgilduko da itsasoan, abuztuaren 7an Matxitxakoko puntaren atzean ezkutatu arte –erreferentzia hauek Itzurun eta Talaimendirako balio dute–.

Bideoko laguna, berriz, pitxartxar burubeltza dela esango nuke, Euskal Herriko hegaztien gida-n ikusi dudanez. Aldamenean izan nuen ilunabarrak iraun zuen bitartean. Txoriak.eus-en daukazue txori txiki honi buruzko informazio gehiago, nahi izanez gero. Han ikasi dut, besteak beste, Zumaian otatxori esaten diogula.