#EtxetikMundura

BIDEOA: Isolamendutik ikusitako txoriak

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Zabaleta 2020ko api. 13a, 19:00

Aste Santuko atsedenaldian koronabirusaren inguruko kontuak eta kezkak burutik kentzen lagunduko zidan entretenimendu baten beharraren beharraz, kamera hartu eta gure etxe aurrean bizi diren txoriak behatzen hasi nintzen leihotik. Ez nuen gauza handirik espero, baina ezusteko ederrak hartu ditut. Bideo honetan bildu ditut ikusitakoak.

Aitortu behar dut txoriez oso gutxi dakidala. Hiru eguneko entrenamendu saio hau egin aurretik, etxeko leihotik begiratu izan dudanean, patxizarrak eta zozoak, ez naiz besterik bereizteko gai izan. Umetan, eduki genituen kaiolan kanarioak, kartxantxuloak edota perikitoak; eta gaztetan izan nuen bolada bat padurako lertxunak eta ubarroiak ikustea gustuko nuena; ah!, eta mendialdera joaten garenean putreak bereziten ditut, bai. Bueno, eta kaioak, ahateak... Baina askoz gehiago ez.

Duela pare bat aste, baina, interesa piztu zitzaidan. Aspaldian goiz samar esnatzen naiz, eguna argitu baino pare bat ordu lehenago askotan. Normalean, isilik egoten da dena, etxe aurreko lantegiko konpresoreen zarata nekagarria baina ez da entzuten; baina egun hartan, logelako leihoa erdi irekita neukalako edo gu ohartu gabe udaberria lehertu zelako, inoiz ez bezala entzun nituen txorien kantuak. Hura txio-txio festa! Artean ohean etzanda, ez nuen belarria gehiegi zorroztu behar izan soinu guztien artetik kantu jostalari bat bereizteko.  Jo eta su aritu zen abeslari nekaezina, luze eta ozen, beste txori guztien kantuen gainetik.

Koronabirusaz gogaituta eta isolamenduaren aspermenari erremedioa jarri nahian, goizalde hartako esperientziaz akordatu eta kantari hura nor zen jakin behar nuela deliberatu nuen ostiral santuko egunez. Horrela ekin nion bideo honetako irudiak grabatzeari. 

Ez zitzaidan gehiegi kostatu kantaria identifikatzea. Ez da ezkutatzen den horietakoa. Zuhaitzetako adar garai eta tenteenak dira bere agertoki, eta handik kantatzen du dena emanez, etenik gabe, goizetik gauera, entzun nahi duenarentzat. Txoriak.eus webguneari esker jakin nuen birigarroa dela. Birigarrotti lagunentzat. Berea da bideoaren soinu-banda.

Lan handiagoa eman dit kardantxulo bikoteak. Adar batean pausatuta ikusi eta kamerako objektiboa ondo enfokatu orduko ospa egiten ez zidaten ba! Pazientzia entrenatzeko ere ariketa ona izan da. Patxizarrak eta zozoak ez dira falta, noski. Baina sekula esperoko ez nituen txoriak ere ikusi ditut, hortxe, etxe aurreko zuhaitzetan. Txoriak.eus-en begiratuta jakin dut txorru arrunta dela papar horiduna; kazkabeltza gorputz horia eta buru beltza duen txoritxo bizia; buztangorri ilunak ondo jarria duela izena, gorputza iluna eta buztanaren azpialdea gorriak ditu eta; eta zer ederra okil handia! Gorputz zuri-beltza, eta gorri-gorriak garondoa eta sabelaren behealdea.

Zalantza handiagoak izan ditut beste batzuekin. Asier Sarasua biologoak argitu dit txio arrunta izango dela nik errekantxidortzat neukana. Esplikatu dit errekatxindorra zaila dela ikusten, ezkutuan ibiltzen dela normalean eta kantuagatik bereizten dela erraz: txuki-txuki-txuki-txuki... egiten omen du. Txio arruntak berriz, txif-txaf egiten duela etengabe –ingelesez chif chaf du izena txori honek, hain zuzen ere–. Adar artean-eta nahikoa bistan badabil –halaxe ageri da bideoan–, txio arrunta izango dela.

Etxe aurreko errepidea eta Ayra Durexen artean dauden zuhaitzak eta zuhaixkak behatu ditut batik bat. Baina zerura ere begiratu dut tarteka. Eta ikusi ditut kaioak errioan gora eta behera; lertxun handi bat Bedua aldetik Xarrondo alderaino, joan-etorrian; zapelatzak  aire korronteekin jolasean, gora eta gora eta bira eta bira, hegoak ia astindu gabe lurra behatuz satelite ikuspegiz; eta uso multzoa, batera eta bestera, dantza sinkronizatuan; eta akaso beleren bat, Jadarre gaineko argindar kable batean pausatuta... Eta izenik jartzeko gai ez naizen beste zenbait txori.

Oharra: bideo hau grabatzeko 100-400mm-ko teleobjektibo bat erabili dut. Gainera, 4K bereizmenarekin grabatu ditut irudiak, gero edizioan koadroa moztu eta oraindik ere gehiago gerturatu ahal izateko. Arazo handiena soinuarekin izan dut. Etxe aurreko lantokiko konpresoreek uste baino zarata handiagoa ateratzen dute eta nik ez daukat mikrofono berezirik txorien kantuak grabatzeko. Kamerak berak dakarren mikro eskasarekin grabatu behar izan dut dena. Audacity software-a erabili dut hondoko zarata leuntzeko, ahal izan dudan neurrian. Txorien kantuak ondo jasotzea izan beharko litzateke lan honen parte inportantea. Beste batean izan beharko du... Niri balio izan dit koronabirusaz ahazteko eta Aste Santua entretenituta pasatzeko.

Bukatzeko: Itoizen kanta ezagun honekin akordatu naiz bideoa editatzen ari nintzen bitartean...