Gabon Koruaren lehen entsegua

Erabiltzailearen aurpegia Gabon Korua 2021ko aza. 17a, 16:30

Astelehenean 20:30ean eman zion hasiera aurtengo prestaketari.

Iaz pandemiak isilarazi ondoren, astelehenean Gabon Koruaren ahotsak berriro entzun ahal izan ziren Komentuaren hormen artean, bertan burututako lehen entsaioan. Honen hasieran, aurten zuzendaritza musikala hartu duen Amaia Aldalurrek adierazi zuen bezala, jendearen erantzuna izan da politena. Garbi geratu da herrian nola errotua dagoen Gabon Korua, bizi dugun egoera medio, laurogei pertsona inguru bildu ginelako abesterako prest.

Betiko abesti “klasikoen” ondoan abesti berriak eraman zuen lanaren zati handiena. Aurten ordea esan daiteke ez dela guztiz berria izango, Zumaian garai batean “Niño Jesusen eskean” abesten zen pot-pourri bat baita aurtengo abesti berria. Hori bai, Gabon Korurako lau ahotsetara moldatua izan dena, koruko kide den Iker Gonzalezen eskutik. Datorren astelehenean jarraituko dugu gogotsu prestaketa Gabon arratsean herriko kaleak musikaz betetzeko asmoz.