Darahlik bat egin du Sahara Euskadi mugimenduak iganderako deitutako mobilizazioarekin

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako DARAHLI elkartea 2020ko abe. 18a, 13:05

Alderdi Ederretik (Donostia) abiatuko da mobilizazioa, 12:00etan. Mendebaldeko Saharako erreferenduma egin dadin eskatuko dute. 

Darahli Elkarteak bat egin du igandean Sahara Euskadi mugimenduak antolatutako deialdiekin. Donostian, Gasteizen eta Bilbon izango dira mobilizazioak, Mendebaldeko Saharako erreferenduma eskatzeko. Zumaiarrak Donostiako mobilizazioan parte hartzera deitu ditu Darahlik. 12:00etan hasiko da, Alderdi Ederretik. 

Aurrerapenik ez dagoenez, eta Estatu Batuek Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuen gaineko Marokoko subiranotasuna aitortu berri dutenez, mugimendu solidarioak eta Euskadiko Saharar Ordezkaritzak beste dei bat egin diote euskal gizarteari, nazioarteko ekintzarik eza gaitzesteko eta gatazkaren behin betiko konponbidea eskatzeko.

"Nazioarteko Zuzenbidea argia da sahararren auziari dagokionez: Marokok ez du inolako subiranotasunik lurraldearen gainean eta autodeterminazio erreferenduma egin behar da duela 45 urtetik etendako deskolonizazio prozesu bati amaiera emateko", berretsi du Sahara Euskadi mugimenduak.

"Euskal gizarteak askotan erakutsi du saharar herriari babesa ematen diola, eta, horregatik, berriz ere eskatzen diogu hiru hiriburuetan lagun gaitzala, argi uzteko, isiltzen bada ere, ez dugula Saharako gatazka ahazten eta bere eskubideak errespetatzea eskatzen jarraituko dugula", gaineratu dute.