HAPO osatzeko galdetegia betetzeko eskatu die Udalak herritarrei

Erabiltzailearen aurpegia
Galdetegia internet bidez bete beharko da etxean egoteko aginduak irauten duen bitartean, eta herritarrek mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, turismoa edota inklusibotasunari buruzko iritzia eman ahal izango dute.

Alarma-egoera dela eta, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) osatzeko prozesuaren epeak atzeratu badira ere, herritarrek eskura dute oinarriak osatzeko balioko duen galdetegia. Etxean egoteko aginduak irauten duen bitartean, galderak internet bidez erantzun beharko dituzte herritarrek. Galdetegia ordenagailua edo mugikorra erabiliz erantzun daiteke, https://hapo-zumaia.eus/ helbidean.

HAPO osatzeko prozesuak lau urte iraungo ditu eta lehen aldi honetan, herritarrak galdetegi bat erantzutera gonbidatu ditu Udalak. Fase honetan, herritarrek hainbat gaien inguruan eman beharko dute iritzia, hala nola: Ingurune naturala, mugikortasuna, espazio publikoa, etxebizitza, jarduera ekonomikoa, ekipamenduak, ondarea, turismoa, jasangarritasuna edota inklusibitateari buruzko galderak erantzun beharko dituzte herritarrek. Galdetegia arloka banatuta dago, eta interes edo ekarpenen arabera bete daiteke galdetegia. Gainera, ekarpen irekiak ere egin ditzakete herritarrek.

Prozesu osoan zehar, herritarren ekarpena ezinbestekoa izango dela nabarmendu dute Udalaren izenean, eta horregatik, zumaiar guztiei dei egin diete galdetegiaren bidez ekarpena egin dezaten.

Oinarrizko tresna
HAPO (Hiri Antolamendu Plan Orokorra) udalerriaren erabateko antolamendua aurrera eramateko oinarrizko tresna nagusia da. Erreminta juridiko honek udalerriaren lurzoruen eta eraikinen erabilerak arautuko ditu; eskubide eta betebeharrak ezartzen ditu eta subjektu publiko eta pribatuak lotzen ditu. Hala, udalerriko eremu eta alor ugari zeharkatuko ditu planak, eta 8-12 urte bitarteko indarraldia edukiko du.

HAPO osatzeko prozesuak lau urte iraungo ditu eta hainbat fase izango ditu. Prozesu osoan zehar, ezinbestekoa izango da herritarren ekarpena; horretarako, esparru eta kolektibo desberdinetako herritarren iritziak jasoko direla bermatuko du Udalak, parte hartzeko modu eta espazio anitzak sortuz.

Herritarrek Parte hartzeko Programa (0. fasea) onartuta, Hirigintza Informazioa fasean  (1. fasea) murgildu da Udala. Fase honetan galdetegi bat dago betetzeko, herritarren iritzia jasotzeko.