Alokairu Beka iazko oinarri berdinekin mantenduko da

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko uzt. 27a, 11:13
EAJ-PNVren udal gobernuak programa hobetu eta egungo gazteen beharretara egokitzen jarraitzeko aurkezturiko proposamenek gobernu-kideen babesa jaso duten aurren, bertan behera gelditu ziren atzoko bilkuran EH Bilduren eta Jon Iraola zinegotziaren kontrako botoekin eta PSE-EEren abstentzioarekin. Eguneko aztergaien artean, halaber, azpimarragarriak izan ziren proposamenen atalean Euskaraldia udal barruan sustatzeko onartutako erakunde adierazpena, EH Bilduk Turismo Planaren harira aurkeztutako mozioa edota Zumaiako jubilatuen eta pentsiodunen plataformak pentsioen inguruan aurkeztutakoa.

Atzo arratsaldeko 18:00etan ohiko osoko bilkura egin zuen Zumaiako Udalak. Gai nagusi gisa, EAJ-PNVren udal gobernuak “Alokairu Beka” hobetzen jarraitzeko eta gazte zumaiarren egungo beharretara moldatzeko aurkeztutako bi proposamenak eztabaidatu ziren. Bozketa garaian, proposamen biek EAJ-PNVren bost gobernu kideen babesa jaso zuten baina azkenean bertan behera gelditu ziren EH Bildu eta Jon Iraola zinegotziaren aurkako botoekin. PSE-EE aldiz abstenitu egin zen. Horrenbestez, beste proposamenik jaso, landu eta onartu ezean, “Alokairu Beka” iazko oinarri berdinekin mantenduko da.

Hirigintza arloan, halaber, azken momentuan eguneko gai zerrendatik at gelditu zen TorreagaBerri akordioaren lehen onespena, hitzarmenaren garrantzia aintzat hartuta, jabego ezberdinekin lanketa sakonagoa egin eta oposizioko taldeek ere denbora gehiago izan dezaten akordioaren nondik-norakoak aztertzeko. Edonola ere, alkateak argitu zuen iraileko osoko bilkuran aurkeztuko dela berriro hitzarmena lehen onespena jaso dezan.

Pertsonal sailari dagokionean, bi izan ziren osoko bilkurako aztergaiak. Lehenik eta behin, diruzain lanpostuaren sorreragatik 2018ko lanpostuen zerrendaren eta plantila organikoaren aldaketaren onespena onartu zen. Behin aldaketa horiek GAOn publiko egin, 15 eguneko alegazio epea amaitu eta behin betiko onartzen direnean jarri ahal izango da martxan aipatu lanpostua betetzeko prozesua.

Bestalde, onartua gelditu zen ere Zumaiako udaltzaingoaren antolamenduari eta funtzionamenduari dagokion arautegia.

Gainerako aztergaien artean, ogasunari dagokionean 2017ko kontu orokorra onartu eta hainbat kreditu aldaketen berri eman zen, besteak beste.

Proposamenen atalean, aho batez onartu zen Euskaraldia udal barruan sustatzeko erakunde adierazpena. Horren arabera, udalbatzak bat egin du Euskaraldiarekin eta ekimena udal barruan ez ezik, udalerrian ere sustatzeko konpromisoa hartu du.

Horrez gain, Turismo Planaren harira, EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen Moilaberriko Estazio Zaharreko eraikinaren edota erabilera turistikoa izan dezaketen gainerako azpiegiturak zertara bideratuko diren Turismo Mahaian, modu zabal, eraikitzaile eta anitzean eztabaidatzeko eskatuz. Horri lotuta, udal gobernuak honakoa adierazi zuen: “esan bezala, Turismo Mahaia horrelako zein bestelako gaiak eztabaidatzeko gunea izango da, ez ordea, erabakiak hartzeko gunea. Edonola ere, aipatu eraikin hori ez da oraindik Udalaren jabegokoa eta legealdia amaitzeko urtebete baino gutxiago gelditzen dela kontuan hartuta, ziurrenik ondoren datozenei tokatuko zaie gaiari jarraipena ematea”. Mozioa aurrera atera zen alderdi politiko guztien babesarekin.  

Halaber, Zumaiako jubilatuen eta pentsionisten plataformak pentsioen inguruko mozioa ere aurkeztu zuten. Bertan, besteak beste, pentsiodun guztiei pentsio duina izateko eskubidea bermatzea, gutxienez 1080€ko pentsio bat ezartzea edota pentsioen ordaina urteko KPIaren arabera handitzea eskatzen zuten, baita eskaera horiek guztiak Eusko Jaurlaritzari eta Estatuko gobernuari igortzea ere. Udal gobernuak eta PSE-EEk mozioa puntuz puntu bozkatzeko proposamena egin zuten baina EH Bilduk eta Jon Iraolak ezezkoa eman zioten eskaera horri; horrenbestez, mozioa bere osotasunean bozkatu eta aurrera atera zen EH Bildu eta Jon Iraolaren aldeko botoekin. EAJ-PNV eta PSE-EE-k kontran bozkatu zuten.

Amaitzeko Jon Iraola zinegotziak idatzi bat aurkeztu zuen. Dokumentu horretan, apirilean egindako osoko bilkuran bere liberazioaren erabakia bozkatzeko gertatutako akatsa dela eta (Iraolak berak botoa eman zuen, ez zegokion arren), bozketa hori berriro errepikatzea eskatzen zuen, baita, bide batez, bere liberazioa maiatzeko bilkuratik aurrera kontabilizatzea ere, bere esanetan “egun horretan izan baitzen erabat irmoa EAJ-PNVrekiko desbinkulazioa”. Gaia luze eta zabal eztabaidatu ondoren, hainbat gauza argitzeke gelditu zirenez, eskaera aztertu eta idatziz erantzutea erabaki zuen udalbatzak.