Larunbatean ekitaldi berezia egingo da Santiago hondartzan Natura 2000ren egunaren harira

Itsas alpapa (Medicago marina), Euskal Herriko landare mehatxatuen katalogoan galzorian azaltzen dena (mehatxu/babes kategoria gorena). Kantauri kostalde guztian oso urria eta erabat babestua.

Santiagoko dunetan bertako balio naturalen aldeko hainbat lan burutu dira, eta bereziki horiek ezagutzera emateko ekitaldia egingo da larunbatean 09:00etatik aurrera.

Natura 2000 Sarea Europa zeharkatzen duen balio ekologiko handiko naturaguneen sare bat da. Europako erakunde eta herritarrek europar lurralde osoan biodibertsitatea babesteko egindako apustu nagusia da, eta hain zuzen, joan den hilaren 21ean ospatu berri da 'Natura Sarea 2000ren Europako Eguna'.

Zumaiaren kasuan, Urolako itsasadarra da Europa mailako sare ekologiko horretan duen naturagune babestua. Azkenaldian, itsasadar honen baitan dauden Santiagoko dunetan bertako balio naturalen aldeko hainbat lan burutu dira, eta horiek ezagutzera emateko ekitaldi berezia egingo da larunbatean Santiago bertan.

Ekitaldi horretan parte hartu nahi dutenek hondartzako aparkalekuan egon beharko dute goizeko 09:00etan. Behin elkartuta, azken urteetan lekuak izandako bilakaera aztertu, Kostetako Zuzendaritza hondartzan burutzen ari den lanak eta horien eragina azaldu, landareekin egindako lanak azaldu, bertako orkideak ikusi eta horiei buruz Aitor Leizaren azalpenak jaso eta belar txarrak aterako dituzte parte hartzaileek. Horrez gain, oparitxo bana jasoko dute bertaratutakoek.