Lehen sorospenetako ikastaroa egingo da larunbatean, Beheko Plazan

Zarauzko Babes Zibilak lehen sorospenetako kanpaina antolatu du eskualdeko udalerrietan Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Urola Kostako Udal Elkartearen, Gurutze Gorriaren, SOS DEIAK-ren, Osakidetzaren eta Ambuibérica elkartearen laguntzarekin.  

Bizitza bat salbatzea zure eskuetan dago lelopean, datorren larunbatean, hilak 5, Zumaian eskainiko da kanpaina horren saioa. Ikastaroa Eusebio Gurrutxagan izango da, goizeko 09:00etatik 14:00etara bitartean. Bertan, hiru postu eta bi anbulantzia egongo dira eta kanpainan parte hartzen duten larrialdietako zerbitzu ezberdinek bereziki bihotz-biriketako berpiztea egiteko oinarrizko teknikak (BBB) erakutsiko dituzte. Era berean, larrialdi egoera horien aurrean desfibriladoreak nola erabili ere azalduko dute.

Izan ere, bihotz-geldialdia osasun arazo larria da eta denbora zein lekukoen parte-hartzea erabakigarria izan ohi da horrelako kasuetan, berpizte maniobrak garaiz hastea ezinbestekoa izaten baita gaixoaren biziraupena bermatzeko.

Ildo horretatik, larrialdi kasuetan nola jokatu adierazten duten kartel eta triptikoak ere banatuko dira herrietako ikastetxe desberdinetan, gazteek ere lehen sorospen neurriak ezagutu ditzaten.

Azken finean, kanpaina horrek helburu du herritarrei, gazte zein helduei, larrialdi kasuei aurre egiteko ezagutza zein neurriak modu ulerterraz eta atseginean helaraztea.