Udalak eta Maria eta Jose ikastetxeak lankidetza akordioa berretsi dute

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko mar. 24a, 10:35

Zumaiako Udalak eta M&J ikastetxeak 2017an abiatutako lankidetza hitzarmena berretsi dute gaur eta horri esker, 2018an zehar ere ikastetxeko azpiegiturak herriko ekimen eta ekintza desberdinak egiteko erabiltzen jarraitu ahal izango dira.

Esan bezala, akordio hori iaz sinatu zen lehen aldiz eta aitzindaria izan zen Zumaian, inguruko herriek, Orio, Azpeitiak, Zarautzek edo Azkoitiak, esaterako, itunpeko ikastetxeekin akordioak sinatuta badituzte ere, Zumaian iaz arte ez zelako horrelakorik sinatu.

Hitzarmenaren helburu nagusia da bereziki Zumaiako kirol eta kultur elkarte zein erakundeei ikastetxeko azpiegituren erabilera ahalbidetzen jarraitzea eta aldi berean, espazio horien erabilera erregulatu eta erabilera horrek ikastetxeari eragindako gastuak arintzea.

2017an sinatutako akordioari erreparatuz, esaterako, irailetik abendura bitartean instalazioen erabilera nabarmen areagotu dela adierazi du ikastetxeko zuzendariak: “akordioa ekainean sinatu zen eta urte osoko erabilera jasotzen bazuen ere, hitzarmenaren eragina irailetik aurrera nabarmendu da gehien, gure ikastetxeko azpiegituren erabilera herriari, entitateei eta herritarrei zabalduz”.