Zumaiako erromesen aterpetxea larunbatean irekiko da

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko mar. 22a, 13:04

Urtero bezala Zumaiak, Gipuzkoako kostako Donejakue bidearen baitan egonik, ostatua eskaintzen die herritik igarotzen diren erromesei. Horiek horrela, martxoaren 24tik urriaren 15era bitartean, San Jose komentuko aterpetxeak bere ateak zabalduko ditu udalerritik pasatzen diren ibiltariei ostatu emateko.

Aurten ere irabazi asmorik gabeko Gipuzkoako Donejakue Bide Lagunen elkartea izango da aterpetxeko kudeaketaren arduraduna. Horrenbestez, Zumaiatik pasatzen diren erromesek borondatezko dohaintza truke lo egin ahal izango dute Komentuko aterpetxean. Ordutegia 15:00tik 22:00tara bitarte izango da eta gehienez eguneko 25 lagunentzako ostatua eskainiko da. Gordailuetatik ateratako herena Zumaiako Udalari emango dio elkarte arduradunak eta Udalak aldi berean, azken bi urteetako ekimenari jarraipena emanez, gizarte helburua duten elkarteen artean banatuko du diru hori. Gainerakoa aterpetxeko gastuak (argindarra, ura, gasa, mantenua, etab.) ordaintzeko erabiliko da.

Zumaiako Udalak kudeaketa eredu horri heldu nahi izan dio beste urte batez, aipatu elkarteak, Donejakue bidea eta erromesen bidaiatzeko filosofia eta beharrak ondo ezagutzeaz gain, Gipuzkoa zeharkatzen duten kostako zein barnealdeko bideak berreskuratzea eta indartzea duelako helburu.

Hiru urte atzera Unescok munduko ondare gisa izendatu zuen kostaldeko bidea, honen aldeko interes publikoa areagotuz. Hori dela eta, gero eta erromes gehiago animatzen dira bide hau zeharkatzera eta datozen urteetan ibiltari kopurua etengabe hazten joatea espero da. Horregatik,  Zumaia kostako bidearen baitan dagoela kontutan izanik eta erromesen goradaka aurreikusita dagoela aintzat hartuta, Udalak ezinbestekotzat jo du guztien deskantsurako azpiegitura eta zerbitzu egokiena eskaintzea.