Aparkamendu tasak arautzeko ordenantza fiskalaren aldaketa onartu du gaur udalbatzak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018ko mar. 15a, 19:00
Aldaketa horien artean udaldiko biñetaren tasa edo egonaldi ertaineko zein errotazio altuko guneetan ordaindu beharreko tasak zehaztu eta onartu dira. Ordenantza fiskalaren aldaketa aurrera atera da EAJ-PNVren aldeko botoekin; EH Bildu eta PSE-EE abstenitu egin dira.

Zumaiako Udalak aurrera pausoak ematen jarraitzen du datorren uda sasoiari begira aparkamenduaren erregulazio sistema herri osora zabaltzeko.

Ildo horretan, joan den otsailaren 27an behin-behineko onespena eman zion udalbatzak aparkamenduaren antolamendua erregulatzeko 2018ko ordenantzari, EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko botoekin.

Gaurkoan udaldian indarrean jarriko diren aparkamendu tasak arautu eta jasoko dituen ordenantza fiskalaren aldaketa onartu du Udalbatzak. Aldaketa horien artean, besteak beste, bertakoen txartelaren tasa edota errotazio altuko zein egonaldi ertaineko guneetan ordaindu beharreko tasak jaso dira.

Bertakoen txartelari dagokionez, uda sasoirako biñetak 10€ko kostua izango du. Ardantzabideren kasuan, urte osoan araututako gunea izanik, bertakoen txartelaren kostuak 25€koa izaten jarraituko du, baina, hala nahi duenak, uda sasoiko txartela soilik ateratzeko aukera izango duela jakinarazi du Udalak.

Errotazio altuko guneen kasuan, autoa Zumaian erroldatuta dutenentzat doakoa izango da bertan aparkatzea eta gainerako ibilgailuek lehen 30 minutuak izango dituzte doan, herriko merkatariek egindako eskaerari erantzunaz. Egonaldi ertaineko guneetan aparkatzea, aldiz, iaz bezala, doakoa izango da zumaiarrentzat (ibilgailua herrian erroldatuta izanez gero) eta kanpokoek ordenantzan jasotako tasak ordaindu beharko dituzte. Edozein kasutan, ezinbestekoa izango da tiketa makinan inprimatzea.

Ordenantza fiskalaren aldaketa aurrera atera da EAJ-PNVren udal gobernuaren aldeko botoekin. PSE-EE eta EH Bildu aldiz abstenitu egin dira.

“Gaur hemen aurkeztutako diktamena ogasun batzordean onartutakoagatik apur bat desberdina da eta hori da, hain zuzen, nire abstentzioaren arrazoia”, azaldu du PSE-EEko zinegotziak, Arritxu Marañonek. Ildo beretik, EH Bilduko bozeramailea den Alez Olidenek bat egin du Arritxuren hitzekin eta gehitu du “batzordean jada ezezkoa eman genuen bezala, gure arrazoiak eta gure postura mantentzen ditugu gaurkoan”.

Edonola ere, udal gobernuaren helburua da aparkamenduaren erregulazioaren bitartez zumaiarrak lehenestea eta hori ardatz hartuta, herrian eta herritarren artean mugikortasun jasangarria sustatzea, Zumaian ibilgailuz egiten diren desplazamenduak gutxitzeko.