baleike.eus

Zabor bilketa sistema berria hobetzen jarraitzeko herritarren parte hartzea eskatu du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2018-03-09 15:07   Gizartea

Jada 15 egun bete ditu indarrean zabor bilketa sistema mankomunatu berriak. Aipatu sistema Urola Kosta Udal Elkarteak abiatu du elkartea osatzen duten bost udalerrietako alderdi politiko guztien adostasunarekin (EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Irabazi eta Orain).

Lehen aldia da bailarako bost udalerriek bat eginik sistema mankomunatu bat martxan jartzen dutela eta ildo horretan, sistema berriak herritarrengan eragin dituen aldaketen jakitun, momentuko beharretarako moldatzeko egokitzapenak izan ditzakeela adierazi du Udalak. “Sistema berria izanik, badakigu martxa hartu ahala horren inguruan behar berriak suerta daitezkeela, horregatik, hain zuzen, sistema irekia da, hau da, egokitzapenak egin ahal izango zaizkio betiere momentuko behar zein eskaerei erantzuteko”, azaldu du alkateak, Oier Kortak.

Aita Mari kaleko espaloien zabaltze lanak

Bide horretan, esaterako, datorren astean Aita Mari kaleko espaloiak zabaltzeko lanei ekingo die Udalak, edukiontzi berriak direla-eta, oinezkoen irisgarritasun eta erosotasunerako estuegiak gelditu baitira.

Ildo beretik, zumaiarrak animatzen ditu sistema bera eta honek eragindako aldaketak hobetzen jarraitzeko proposamen edo iradokizunak egin ditzaten.

Informazio eta arreta bulegoa

Horretarako  informazio eta arreta bulegoa udaletxean zabalik dagoela gogorarazi du Udalak. Bertan, sistemaren inguruko zalantzak edota kezkak argitzeaz gain, hori hobetzeko proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte. Bulegoa zabalik egongo da hilaren 16a arte. Ordutegia: 09:00-14:00 udaletxean eta 17:00-19:30 Eusebio Gurrutxagako Zaharren Egoitzan (lehen solairuan).

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2018-03-09 19:12 Erantzuna | #1

Kuriosoa da Udalaren jarrera, zeren EH BIlduk eginda dauzka sistema hobetzeko proposamenak, baina ez ziren onartuak izan. Besteak beste, proposatu genuen sistema martxan jarri aurretik herritarrei gauzak behar bezala argitzeko; hezitzaile gehiago kontratatzeko aukera ere mahai gainean jarri genuen, adibidez.

Hau esanda gero, ondorengoa gehitu nahi dugu:

-Bilketa sistema berriak adostasun politiko zabala du, bai moduetan eta, batez ere, helburuetan. Sailkapen eta birziklapeneko azken helburuak anbiziotsuak dira. Zumaian Hondakin Mahaiak bere garaian adostutako sistemaren jarraipen naturala da, eta herritarren inplikazioa ezinbestekoa da helburu horiek lortzeko.

- Eredu bezala hartu izan ditugun Gipuzkoako beste lekuetan (Debagoiena) antzeko sistemarekin helburu horiek lortu dituzte, eta horrek esan nahi du gauzagarriak direla guretzat ere.

- Kezkaz ikusten dugu asko kostatzen ari dela sistema berrira egokitzea. Esfortzu handiagoa egin beharra dago instituzioen aldetik herritarrak informatzen. Baina, batez ere, kezkatuta gaude elkarbizitzaren eta ingurumenaren ikuspuntutik oinarri-oinarrizkoak diren irizpideen kontra doazen zenbait jokabide azaldu direlako gure artean.

- Espero dugu horrelakorik ez errepikatzea, eta herritarrei eta eragileei arduraz jokatzeko deia egiten diegu, Zumaiak ahalik eta bilketa selektibo altuena izan dezan.

- Arrakasta denon inplikazioarekin lortuko dugu, horrela izan ezean, gure ondorengoei ingurumen arazo larriak sortuko dizkiegulako, besteak beste.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa