Jostailu erakusketa egingo da asteburuan Ludotekan

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko aza. 28a, 14:49

Larunbatean eta igandean, 17:00etatik 20:00etara, 4 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako jolasak egongo dira ikusgai Ludotekan. Erakusketa gurasoei zuzenduta dago, eta helburu du, bereziki Gabonei begira, merkatuan dauden askotariko jolasak ezagutzea, haurrei oparitzerako orduan zalantzak argitzea eta egokienak aukeratzeko gomendioak eta hezitzaileen aholkuak jasotzea.

Gabonak ate joka ditugu dagoeneko eta horren aitzakian, datorren abenduaren 2an eta 3an, larunbat zein igandean, alegia, jostailu erakusketa antolatu da Zumaiako Ludotekan.

Erakusketa bereziki gurasoei zuzenduta dago eta zabalik egongo da arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Bertan 4-12 urte bitarteko haurrentzat gaur egun merkatuan dauden jolasak ezagutu ahal izango dituzte. Hezitzaileek telebistan iragartzen ez diren jolas asko ezagutzen dituzte eta horrez gain, herriko haurrak eta beraien gustuak ere ezagutzen dituzte. Beraz, gurasoei aholkuak emateko jantzita dauden profesionalak dira eta beraiekin zuzenean egoteko eta nahi dituzten galderak egiteko aukera ematen du erakusketak. Eta jakina, baita jolasak ikusi, ukitu eta probatzeko aukera ere.

Ez da jolas librerako gune bat izango eta arratsalde horietan haurrek ezin izango dute bakarrik egon ludotekan, beti ere guraso edo helduren batekin joan beharko dute, esan bezala, erakusketa familiei baina bereziki guraso edo tutoreei zuzendua baitago.