baleike.eus

Aurrera doa Zumaiako turismo plana

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017-09-08 14:12   Gizartea

Zumaiako Udala etengabeko urratsak ematen ari da Turismo Plana garatzeko bidean eta ildo horretan, turismoaren inguruan herritarrek betetako inkestaren eta herriko hainbat eragileei egindako elkarrizketen emaitzak jaso eta aztertu ostean, datorren pausoa lantzeari ekin dio.

Bide horretan, Turismo Plana garatzen ari den Translokal enpresarekin elkarlanean laborategi parte-hartzaileak antolatu ditu. Aipatu laborategi horiek bi saiotan burutuko dira eta lehena datorren asteartean egingo da, arratsaldeko 17:30ean Alondegian.

Laborategiak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, Udalak eta Transkolak enpresak azpimarra berezia jarri dute taldearen aniztasunean. Horretarako, herriko ekosistema turistikoa osatzen duten eragileak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera: sektore publiko zein pribatuko ordezkariak (politikariak, teknikariak, enpresa txiki zein handiak, ostalariak, merkatariak…), akademikoak (adituak, unibertsitate mundukoak…), ekintzaileak (turismo alorrarekin lotu daitezkeen proiektu edo ekimenak lantzen dituztenak) eta noski herritarrak ere. Sailkapen horren helburua da turismoaren inguruko ikuspuntu eta ikuspegi desberdinak bildu, ezagutu eta jasotzea, Zumaia eta zumaiarren egungo beharretara egokitutako dokumentua osatzeko.

Eraginkortasunaren bide horretan, laborategiak garatzerako orduan eragile guztien arteko hartu-emana aberatsa izan dadin, multzo bakoitzeko ordezkariez osatutako lan taldeak egingo dira.  

Lehen saioaren egitaraua

Lehen laborategi parte hartzaile horretan, zumaiarrei eginiko turismo inkestaren eta herriko eragile ezberdinei egindako elkarrizketen emaitzak aurkeztuko zaizkie lehenbizi parte hartzaileei. Behin aurkezpen lanak egin ostean, laborategiak jarraituko duen dinamika azalduko zaie eta Igor Calzada doktorearen gidaritzapean lehen saioan landuko diren gaiak jorratzeari ekingo diote, saioan bertan planteatutako gaien inguruan eztabaidatu eta hausnartuz.

Behin laborategi parte hartzailearen saioa amaituta, uztailean agindu bezala, jasotako datu horiek gainerako herritarrei ere prentsa ohar bidez helaraziko dizkiela adierazi du Udalak. Horrez gain, udal webgunean ere ikusgai egongo dira aipatutako emaitzak.

Bukatzeko, herritarrei gogorarazi die Turismo Planak martxan jarraitzen duela eta udaletxeko zein turismo bulegoko ateak zabalik daudela uneoro herritarren iritzi zein ekarpenak jasotzeko, betiere, Planaren helburua baita Zumaiako balore eta baliabideak (ondarea, kultura, hizkuntza, natura…) bermatuko dituen turismo eredua herritarren laguntzarekin definitzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa