Xeyren itxiera ekiditeko bere esku zegoen guztia egin du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko uzt. 7a, 13:00

Aste honetan, Xey enpresaren inguruan izan zitekeen berririk txarrena jakin dugu, ixteko txostena aurkeztu dela, alegia. Udal Gobernua aspaldian aritu da, berri hori ekidin nahian lanean, zoritxarrez, ezinezkoa izan da, izan ere, udal eskumenetatik urrun gelditzen diren kontu hauetan, ezer gutxi egin dezake Udalak, batzuekin eta besteekin bildu eta irtenbideak bilatzen saiatzeaz haratago.

Udal Gobernuaren helburuetako bat da, Zumaian lanpostuak sortzea, zumaiarrak Zumaian lan egiteko aukera izan dezaten. Berri hau, beraz, Udalarentzat kolpe gogorra da, Zumaiako familia askori eragiten baitie, eta kezkatuta dago lanik gabe gelditzera doazen pertsona horien egoerarekin.

Zentzu horretan, Oier Korta alkateak adierazi du “langileentzako soluziorik egokiena bilatzeko gure esku dagoen guztia egiten jarraituko dugu”. “Aspaldian lanean aritu gara eta gure eskumenak iristen diren punturaino ahal genuen guztia egin dugu berri txar hau ekiditeko, zoritxarrez, ez da posible izan. Baina, orain arte bezala, gaiaren gainean egongo gara eta egoerari ahalik eta irteera egokiena bilatzen saiatuko gara. 170 familia horien alboan egongo gara”.