Turismoaren inguruko inkesta betetzeko epea luzatu da

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017ko uzt. 3a, 08:46

Zumaiako Udalak abian du Turismo Planaren idazketa prozesua eta bide horretan, ekainean iragarri bezala, ezinbestekotzat jo du herritarren iritzi zein ekarpenak ezagutzea eta horiek aintzat hartuta, etorkizunera begira Planak definitutako turismo eredu hori bermatuko duten ildo nagusiak zehaztea. 

Horretarako herritarrei zuzendutako galdetegia argitaratu zuen hilaren hasieran udal aldizkari zein webgunean. Hori betetzeko, ordea, ezinbestekoa da norberaren NAN-arekin identifikatzea. Ildo horretatik, webgunean zintzilikatutako galdetegian, akats tekniko bat medio, ez da orain arte inolako identifikaziorik eskatu eta tamalez, jada herritarrengandik jasotako inkestak ezin dira baliagarritzat hartu.

Akats hori zuzenduta, Udalak, lehenik eta behin barkamena eskatzen die dagoeneko inkesta bete duten pertsonei sortutako eragozpenengatik eta galdetegia berriro betetzea eskertuko liekeela adierazi du. Era berean, gainerako zumaiarrak ere animatzen ditu galderak erantzutera, guztion artean Zumaiaren balore eta baliabideak, ondarea, kultura eta hizkuntza, oinarri izango dituen etorkizuneko turismo eredua definitzeko.