baleike.eus

Homofobia eta Transfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin bat egingo du bihar Zumaiak

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2017-05-16 09:53   Gizartea

Herriko ikastetxeek gaiaren inguruko unitate didaktikoa landuko dute eta "Naizela naizena onartua” lelopean ostadar itxurako pankarta bat ere jarriko dute eskoletan. Horrez gain, Udalak berdintasunaren aldeko ekimenak sustatu eta bultzatzearen aldeko garrantzia berretsi du, errespetua ukaezineko oinarri eta printzipioa izan dadin.

Bihar, hilak 17, Homofobia eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira, Zumaiako ikastetxeek, iaz egin bezala, beren babesa eta laguntza adieraziko diote gaur egun oraindik diskriminazioa, erasoak eta indarkeria jasaten dituzten homosexual, lesbiana, bisexual eta transexualei.

Horretarako, Zumaiako Hezkidetza Foroarekin elkarlanean, errespetua eta aniztasuna ardatz izango dituen unitate didaktiko berezia landuko dute eta gainera, “Naizela naizena onartua” lelopean, ostadar itxurako pankarta erraldoi bat ere jarriko dute ikastetxeko horman zintzilik. Ekimen horren helburu nagusia da gizarte talde horrek jasaten dituen erasoak salatu eta guztien eskubideak eta berdintasuna aldarrikatzea, edozein delarik haien izaera sexuala.

Izan ere, jada 26 urte pasa dira, 1990eko maiatzaren 17an,  Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) homosexualitatea gaixotasun mental gisa baztertu zuenetik. Orduz geroztik, maiatzaren 17a LGTBen (lesbiana, gay, transexual eta bisexualen)aurkako eguna bilakatu da.

Amaitzeko, Udalak berdintasunaren aldeko ekimenak sustatu eta bultzatzearen aldeko garrantzia azpimarratu du, errespetua eta berdintasuna oinarri izango dituen Zumaia eraikitzeko. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa