Lehen sorospenetako ikastaroa egingo da larunbatean Beheko Plazan

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Urola Kostako Udal Elkarteak elkarlanean lehen sorospenetako kanpaina antolatu dute eskualdeko udalerrietan. Bizitza bat salbatzea zure eskuetan dago lelopean, datorren larunbatean, hilak 6, Zumaian eskainiko da kanpaina horren lehen saioa.

Ikastaroa Eusebio Gurrutxagan izango da, goizeko 09:30etatik 13:30era bitartean. Bertan, hiru postu eta bi anbulantzia egongo dira eta kanpainan parte hartzen duten larrialdietako zerbitzu ezberdinek bereziki bihotz-biriketako berpiztea egiteko oinarrizko teknikak (BBB) erakutsiko dituzte. Era berean, larrialdi egoera horien aurrean desfibriladore erdi automatikoa (KDA) nola erabili ere azalduko dute.

Izan ere, bihotz-geldialdia osasun arazo larria da eta denbora zein lekukoen parte-hartzea erabakigarria izan ohi da horrelako kasuetan, berpizte maniobrak garaiz hastea ezinbestekoa izaten baita gaixoaren biziraupena bermatzeko.

Ildo horretatik, larrialdi kasuetan nola jokatu adierazten duten kartel eta triptikoak ere banatuko dira herrietako ikastetxe desberdinetan, gazteek ere lehen sorospen neurriak ezagutu ditzaten. Material horrek QR kode bat izango du eta kode horrekin Osakidetzak mugikorretarako prestatu duen Ospitale kanpoko bihotz-geldialdi baten aurrean laguntzeko aplikazioa deskargatu ahal izango dute. Aplikazioak teknika horietan trebatzeko edo gertuen dagoen desfibriladorea lokalizatzeko aukera eskaintzen du, baita BBB egiteko laguntza ere.

Azken batean, kanpaina horrek helburu du herritarrei, gazte zein helduei, larrialdi kasuei aurre egiteko ezagutza zein neurriak modu ulerterraz eta atseginean helaraztea.