Zumaiako mugikortasuna hobetzeko aurrerapausoak ematen ari da Udala

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2016ko abu. 6a, 11:15

Uda sasoiari begira, hainbat neurri hartu ditu Udalak herriko aparkalekua, mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko. Era berean, gobernu taldeak adierazi du irailetik aurrera, auzo ezberdinetako bizilagunekin bilduko dela Zumaiako Mugikortasun Plan berria garatzeko.

Ohikoa den bezala, udan, hondartza denboraldiarekin batera, Zumaiak, kanpotar eta bisitari ugari jasotzen ditu eta honek noski, nabarmen areagotzen du herriko trafikoa.

Horiek horrela, turismoaren eta auto kopuruen gorakada honen aurrean, Udalak, herriko trafikoa eta bereziki aparkaleku egoera hobetzeko, hainbat neurri hartu ditu. Alde batetik, tren turistikoa edo txu-txua berreskuratu du herrian zehar errazago mugitu ahal izateko. Bestalde, argibide panel bat ezarri du Zubitxikiko sarreran, bertatik, trafikoa, estazioko industriagunera eta kirol portuko eta GKN-ko aparkalekura bideratzeko eta azkenik, ordu puntetan, udaltzainak jarri ditu Itzurungo bidegurutzean, kanpotarrak diren autoak Larretxora igo ez daitezen, hauen pasabidea zuzentzeko.

Neurri hauen guztien bitartez, Udalak, herritarren zein gainerako turisten mugikortasuna eta irisgarritasuna erraztu eta ahalbidetu nahi ditu.  Honen harira, gobernu taldeak adierazi du, irailetik aurrera, herriko auzoetako bizilagunekin ere bilduko dela Zumaiako Mugikortasun Plana garatzeko, aparkalekuen gaia lantzeko eta honen inguruan, zumaiarrek dituzten ekarpenak entzun eta jasotzeko. Planak helburu du, uda sasoian ez ezik, urtean zehar, herriaren eta herritarren mugikortasun eta irisgarritasun beharrei erantzuna ematea eta guztiei egokitutako Zumaia eraikitzea.