Aurrekontuez, EAJri erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia Zumaiako Udala 2015ko urt. 28a, 11:03

EAJ-PNVk abenduko plenoan onartu ziren udal aurrekontuez argitaratutako iritziari erantzun nahi dio Udal Gobernuak. Azken urteotan bezala, aurtengo aurrekontuetako irizpideetako bat Udalaren zerbitzuak lanpostu publikoen bidez indartzeko apostua da.

 

Abenduan onartu genituen 2015. urterako aurrekontuak Udalean. Aurrekontuak egiterakoan, Udal Gobernuaren irizpideetako bat, azken urteotako bideari jarraituz, lanpostu publikoen aldeko apustua izan da. Hau da, Udalaren zerbitzuak indartu nahi dira lanpostu publiko eta duinak sortuz, azpikontratazioak gutxitu eta ekidinez. Hala, lanpostu zuzenen bidez, 2015ean, udal brigada, ludoteka, turismo bulego eta udaltzaingoa indartzea eta mantentzea ditu helburu Udalak. Hori izan da, eta da Udal Gobernuaren apostu sendoa.

Azken urteotan, Zumaian, uda garaian gero eta bisitari gehiago izan dira.  Bisita kopuru horri behar den bezala erantzuteko  3 eta 6 hilabeterako bi udaltzain kontratatzea aurreikusia du Udalak, eta Turismo Bulegoko zerbitzua indartzeko 2 hilabeterako pertsona bat kontratatzea du helburu.

Udaleku irekietako eskaintza zabaltzeko asmoa ere badu Udalak, herritarrek horrela eskatuta. Hala, 2-3 urte bitarteko haurrak hezteko pertsona gehiago kontratatu beharra ikusten da.

Kontratazio horiez aparte, Udal Brigadaren bidez herriko lanak egiteko hartutako bideak emaitza egokiak ematen dituela ikusita, brigadan 2 ofizial eta peoi bat kontratatzea aurreikusten da.

Baina ez plenoan eta ez orain, EAJ ez dago ados kontratazio publiko horiek  egitearekin. Aurrekontuak ez direla legalak eta alegazioa sartu dute aurrekontuen kontra. Berirro ere kontu berdinarekin datoz.

Urtarrilean aurkeztu dituzte alegazioak. Horretarako izan dute denbora aurretik, aurrekontuak lantzerako orduan, baina ez dute horrelakorik egin. Ez dugu argi legalki jendeaurreko epealdi horretan alderdiek alegazioak aurkezteko aukerarik duten. Baina legearen irakurketa zabala egin eta onartzea erabaki du Udal Gobernuak.

Espainian, Raxoiren dekretu batek, lanpostu publiko berriak sortzea debekatu zuen, eta lege hori aitzakia hartuta dabil EAJta aurrekontuen kontra egiten. Ez dutena adierazten da, Raxoik dekretua aurkeztu zuenean EAJtak kontra bozkatu zuela. Kontra bozkatu bai, baina kontra egiterik ez dute nahi dekretuari. Ez zaie komeni.

Beste behin ere garbi gelditu da zein den EAJtaren politika lanpostuen inguruan. Beste behin ere, lanpostu publikoak sortzeko aukerari kontra egin, eta azpikontratazioak bultzatu nahi ditu.