(Artxiboan lorturiko eta Abelinek eskainitako informazioarekin osatutako idatzia)

Zumaiak XX. mendearekin batera ezagutu zuen turismoaren hasiera. Bisitariak udako hilabeteak herrian igarotzera etortzen ziren eta, hauen egonaldia interesgarriagoa bihurtzeko asmoarekin udalak zenbait ekitaldi antolatzen zituen. Testuinguru honetan azaldu ziren lehen zine emanaldiak Zumaian. Jarduera honen berri ematen digun lehen dokumentua 1904koa da. Bertan, Cesar Marqués eta Manuel Ignacio Espinarrek San Pedro jaietan zinematografo bana jartzeko baimena eskatzen dutela islatzen da.

Hasiera batean zinematografoa jartzeko baimen eskaerak San Pedro jaietarako ziren; apurka, ordea, udako bisitariei jaramon eginez, uda osoko baimenak izatera pasa ziren. Lehenik abuztuan bakarrik, ondoren uztailaren 1etik irailaren 15era. Zinematografo hauek, gehienetan, plazako arkupean jarri ohi ziren eta emanaldiak gauez edo ilunabarra aurretik izaten ziren, arkupeak merkaturako libre uzteko. Zinematografo ibiltari hauek muntatzeko baimen eskaerak 1916 arte luzatzen dira gutxienez. Ziurrenik, azpiegitura iraunkorragoak agertzen haziak zirelako.

Turismoaren gorakadak azpiegitura turistikoen beharra sortu zuen herrian eta horietako garrantzitsuena Amaya izeneko hotela eta antzokia izan zen. Zumaiara gerturatzen ziren bisitariei ostatua emateaz gain, Amayak zine areto bat eskaini zion herriari. Eta ez herriari soilik, 1940 eta 1950 hamarkadetan, adibidez, igandetan eta jai egunetan Arroa eta Zestoatik, jende ugari etortzen zen Amayara, Azpeitia eta Azkoitiatik gutxiago. Osteguneko edo larunbateko pelikula “berdea” baldin bazen (“4-Gravemente peligrosa”) berriz, Zumaia bertatik eta Arroatik jende andana gerturatzen zen, Azpeitia eta Azkoitiatik gutxi, joan-etorria nola egin arazo izando zutelako, ziur aski. Hotel eta antzoki honen ateak XX. mendeko hogeigarren hamarkadan zabaldu ziren arren, geldialdi luze bat ezagutu zuen 1936-39ko gerraren ondorioz. 1943an zabaldu zituen berriro bere ateak. Baina nagusiak beste batzuek ziren, gerra aurrekoak abertzaleak eta ondorengoak frankistak.

Bitarte horretan “Maitena” zinea zabaldu zen herrian. Bi zine areto horiekin Zumaian pelikula eskaintza benetan zabala izan zen. Jaiotzez udako bisitariei zuzendutako eskaintza, zumaiar eta inguruko guztien gozagarri bihurtu baitzen. Dena den, herri txiki batean bi zine areto izatea ez zen txantxetako kontua. Bi zine aretoek oso lehiakor jokatzea beste biderik ez zuten eta honen ispilu bezala udan Maitenak, Amayaren udako programazio ikaragarri zabalaren aurrean, astean behin, betiko hiru filmez gain, haurrentzat eta gaztetxoentzat egun berezi bat jarri zuen, marrazki bizidun (“Pato Donald”, “Tio Gilito”, “Goofy” eta abar) eta komikoekin (Buster Keaton, Charlot, Harold Lloyd eta abar). Baina, Maitenara beti jende gutxiago joaten zen, hala ere nahikoa zela uste dugu. Kontua da Maitena 1952an itxi egin zutela. Amayarentzat Maitenaren itxiera onuragarria izan zen, baina Udalari ordaintzen zion luxoaren gaineko zergaren handitzea ere suposatu zion.

1959an, “Acción Católica de Padres de Familia” zeritzon elkarteak Maitena zine aretoa kudeatzeko eskaria egin zuen. Zinetik ateratako dirua gazteen heziketa eta formakuntzarako erabiltzeko helburua zuela ikusirik, Udalak lizentzia eman zion. Maitenak berriro zabaldu zituen ateak eta elkarte honek zine programazioari eutsi zion. Zumaiak bi zine areto zituen berriro.

Urte horretan bertan, eta guraso elkarte honen ekimenez, zineforum saioak eskaintzen hasi ziren Maitena aretoan. Ignazio Alvarez eta Abelin Linazisorok hartu zuten saio hauen gaineko ardura. Saio hauek hamabostean behin eguerdiko 12etan izaten ziren eta pelikularen aurkezle lana hartzen zuena Donostiatik etortzen zen. Pelikula aurkeztu, ikusi, eta ondoren eztabaida saioa egiten zen. Jendez lepo betetzen zen aretoa, frankismoan eztabaida ezinezko gaiak elkarrizketatzeko aukera ematen zuelako. Ekimen honek 1964ko apirilaren erdira arte iraun zuen eta saioak urrian hasi eta hurrengo urteko Aste Santuko aurreko astera arte izaten ziren.

Maitenako zine emanaldiak ostegun, larunbat eta igandetan izaten ziren eta Amayakoak, berriz, astearte, ostegun, larunbat eta igandetan.  Bi aretoetan jai egunetan ere bai, noski. 1960tik aurrera bi zine aretoetan larunbateko edo igandeko pelikuletatik arrakasta handiena izan zuena astelehenean berriro botatzen zuten. Amayakoek, hotelaren jabe izateak ematen zien lasaitasunarekin, 1951ean hasi eta 1968 arte, uztailan eta abuztuan egunero pelikula desberdin bat bota zuten. Hau da, udako bi hilabete horietan 62 pelikula ikusteko aukera eskaintzen zuten. Horrelako eskaintzarekin nor ez zen zinezale bihurtuko? Gaur egun pentsaezina da.

Maitena zinea kudeatu zuen guraso elkarteak 1965an Plan Partzialeko bigarren zenbakidun partzelan, zine eta gizarte-zentroa bateratuko zituen eraikina egiteko proposamena egin zuen. Udalak begi onez ikusi eta gaur egun herrian dugun Aita Mari antzokia eraiki zen. Bestalde, Amaya antzokiak 1973an itxi zituen bere ateak nagusien arteko barne arazoei aurre egin ezinik. Itxiera tristea izan zen herritarrentzat; urte luzetako zine eskaintza paregabeari agur esan beharra.

Amayaren itxierak, ordea, ez zuen herriko zinezaletasuna itzali. Aspaldi ereindako haziek bere fruituak emanak zituzten jadanik. Zumaian zineak irabazia zuen bere txokoa. Kasu honetan gainera, desagerpen batek agerpen bat ekarri zuen. Gazte koadrila bat bildu eta urte horretan Zumaiako Zine-kluba sortu zuten, eta honek 1964an eten zen zineforum saioei jarraipena eman zien. Orainaldira bitarteko kate-maila berri bat sortu zela esan daiteke. Izan ere, zenbait etenaldirekin bada ere, zine emanaldiek eta zineforum saioek gaur egunerarte jarraitu dute. Gogoan izan, udazkenaren etorrerarekin batera Ostarrena Zine-klubak zineforum saioei hasiera ematen diela jada.

Oihana Artetxe

Ereiten Kultur Zerbitzuak