Iparrak egitarau zabala prestatu du maiatzak 1ari begira

Erabiltzailearen aurpegia Iparra Zumaia 2019ko api. 21a, 10:28

Aurten ere, maiatzak 1ari begira, egitarau zabala prestatu dugu Iparratik. Aurreko urtean adierazi genuen bezala, gure helburua ez da langileon eguna ospatzea eta jai soil batean bihurtzea; esplotazioa eta zapalkuntza ezagutuko ez dituen mundu berri bat lortzea baizik. Horretarako, ezinbestekotzat ditugu antolakuntza, formakuntza eta borroka; gaur egungo indibidualismoa gainditu eta klase elkartasunean oinarritutako harremanak eraikitzea.

Hori dela eta, hainbat ekimen antolatu ditugu langileon egunari begira. Lehenik eta behin, "Harremanen inguruko hausnarketa" hitzaldia izango dugu Itaiako burkideen eskutik. Bertan, gure egunerokotasunean, jai giroan, militantzian... ditugun harremanak aztertuko ditugu. Hitzaldia apirilaren 24 asteazkenean izango da, 19:30ean, Torreberri Gaztetxian.

Hurrengo hitzaldia maiatzaren 10 ostiralean izango da, 19:30etan, Torreberri Gaztetxian. Bertan, Iparrako kideok, "Langile borroka Euskal Herrian" aztertuko dugu; zehazki, 1976ko martxoaren 3ko gertakariez geroztik honek izan duen bilakaera eta garrantzia kontuan izanik.

Bestalde, Iparratik bat egiten dugu M1 Langileontzat plataformak maiatzak 1ean Donostian, 13:00etan Bulebarretik hasita, egin duen manifestazio deialdiarekin. Izan ere, "klase borrokaren gaurkotasuna eta klase independentzian oinarritutako langile boterea eraikitzeko beharra aldarrikatzea" beharrezkoa dela uste dugu. Zumaiatik denok batera joateko deia zabalduko dugu datozen egunotan, tren geltokian elkartuta. Beraz, herritar guztiei (izan ikasle, langile edo pentsionista) gurekin batera etortzeko gonbita egiten dizuegu.

Besterik gabe, aipatutako ekimen desberdinetan parte hartzera animatzen zaituztegu; baita datozen egunetan iragarri daitezkeen beste zenbait ekintzetan ere. Adi, sorpresa gehiago egon daitezke eta!

Klase elkartasunez, langile boterea eraiki! Gora langileon borroka!