Zumaiako hitz bereziak: BIHARKO PASATA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko mar. 15a, 07:06

Tuterara biharko pasata iritsiko da Korrika (Irudia: Udalaren egutegia).

 Aste honetan ere Ruthek esandako adberbio berezi bat ekarri dugu. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Etzi edo bi egun barru esateko erabiltzen dugu “biharko pasata” Zumaian eta inguruan; hau da, “biharko eguna pasatuta”. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean jasotakoaren arabera, Gipuzkoako kostaldean ohikoa da (Beasain inguruan ere bai), eta Bizkaian ere erabiltzen da: Ondarroan, Bermeon, Mungian…

Duela egun batzuetako elkarrizketa da hau:

  • Noiz iritsiko da liburua?
  • Biharko pasata.

Iñaki Gurrutxaga oriotarrak horrelaxe idatzi zuen X sare sozialean:

  • Hemen ume-hizkeran "etzi" eta "herenegun" hitzen ordezko "biharko pasata" eta "atzoko pasata" erabiltzen dira. Lehen bi hitzak, normalean, behin heldu bihurtuta hasten dira erabiltzen.

Zumaian ere erabiltzen da “atzoko pasata”, eta Bermeon ere bai, EHHA atlasean ikusi dugunez.