Zumaiako hitz bereziak: PASTA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2024ko ots. 23a, 08:33

Bizkarraldea ez minberatzeko era askotako babesak jartzen zaizkie asto, mando eta zaldiei (Argazkia: Wikimedia).

Garraiorako garai batean erabiltzen zen beste tresna lagungarri bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Gainean otarrak edo kartolak jarri aurretik astoei eta antzekoei jartzen zaien bigungarriari esaten zaio “pasta” Zumaian eta inguruan. Brigida Ibarbiak kontatu digunez, jeneralean lastozkoa izaten zen Oikian, zaku batekin bilduta, eta ba omen zekiten astoek zakua urratu eta barruko lastoa jaten! Artadin, berriz, larruzkoak erabili ohi zituzten, sendoagoak; haiei “txalma” deitzen omen zieten. Zestoarren erretolika liburuan “asto-pastak” aipatzen dira, eta adibide hau jartzen du:  Astuai lenbizi pasta jartzen geniyon, apropos zaku pilluakin osautakua. Zestoako zerrendan agertzen da “txalma” ere, eta horrela definitzen du: zamariei, asto nahiz zaldiei, garraiorako gainean jartzen zaien tresna arina. Eibarko lekuko batek ahotsak.eus gunean azaldu zuen “txalma” egitura osoari deitzen diotela, zakua/manta eta buztanera lotzeko soka biltzen dituenari.

Hiztegi orokorretan “basta” ageri da, eta gaztelaniaz “albarda” da gehien erabiltzen den hitza; “txalma” ere jasota dago hiztegietan, eta gaztelaniaz “enjalma” omen da. Euskararen Herri Hizkeren Atlasean  “basta/pasta” eta “txalma” agertzen dira gehien, baina nahaste batzuk ere ikusten dira, antzeko beste pieza batzuen izenak ere jaso direlako: kartola edo kako (zurezko ohol edo egitura), artxoi (zurezko oinarria, gero otarrak edo kartolak jartzeko), etab.

Brigidak beste hitz bat ere esan digu: Oikian "kurrunpera" omen da buztanaren azpiko zinta edo uhala. Auñamendi entziklopedian "kurrupera" ematen dute, eta horrela definitzen dute: albardaren atzealdeko anila batekin lotzen den isats-ondokoa.