Zumaiako hitz bereziak: SALDAA

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko aza. 24a, 11:30
Oilo saldaa ederki sartzen kanpoaldean hotz egiten duenean. (Argazkia: Wikimedia)

Hotzari aurre egiten lagunduko digun hitz bat ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Hitza bera ez, esateko modua da berezia, artikulua gehitutakoan saldari “saldaa” esaten diogulako Zumaian eta inguruan. Badihardugu euskara elkarteko Asier Sarasuak eta Aintzane Agirrebeñak Zumaiako, Getariako eta Zarauzko hizkerak aztertuak dituzte, eta horrela azaldu zuten ezaugarri hau:

  • Zumaian euskara batuko arau orokorra jarraitzen da, adibidez: errota + a > errota. Dena dela, inguruko herrietan gertatzen den bezala (Getaria, Zarautz, Zestoa…), hitz gutxi batzuetan -aa bokal luzeak gordetzen dira: saldaa, gaztaa, babaa, gezaa, azaa, askaa, sokaa... Baita deklinatutako hitzetan ere: askaetan, saldaakin, neskaakin… Halere, gogoan izan fosildutako hitz gutxi batzuetan besterik ez dela gertatzen, eta hiztun nagusienen artean bereziki.

Ahotsak.eus egitasmoan Josefran Izpizua irakasle zumaiarrarekin ere jardun zuen Asier Sarasuak gai horren inguruan:

  • - Fonetikan, Zarautzen aztarnaren bat jaso degu, baiña hemen arruntagua izango da -a mugatzaillia, -a-z bukatzen dian hitzetan, -a mugatzaillia eranstea: askaa, gaztaa, pasaa…Bai, hamen dezente. Hori entzungo dezue. Zaharrei aituko diezue hori: neskaa… Gaztaa-rekin kontuz ibili behar da, kasua berezia da. (…) Gazta ta ardua bereziak dia ze jatorriz beste hitz batzutatik datoz, ez? -n-ren erorketa: gaztana edo ardanoa omen zian hitz zaharrak. Baiña bai, neskaa eta azaa eta holakoak oaindikan…
  • - Eta SALDAA… Bai, SALDAA.

Horren antzeko azalpena eman zuen Andoni Egaña zarauztarrak Argia aldizkarian:

  • Guk beti "saldaa" eta "gaztaa" esan izan bait dugu. Nola idazten den besterik da; baina esan, hala esan izan ditugu. Eta ikasle ere izan nintzenez, lanbroturik baina gogoan daukat Koldo Mitxelenaren azalpena: bokalen artean "n" bat izango zuten hitz horiek eta beste gehiagok garairen batean. "Gaztaa"k galdu du, baina "gaztanberak" eutsi egiten dio fonema galduari.

Abelin Linazisorok zerrenda luzeagoa jaso zuen: azáa, babáa, brankáa, gaztáa, kazkáa, lamáa, leláa, neskáa, saldáa, trakáa, txanpáa eta udáa. Abelinen berak Lore Albizu elkarrizketatu zuen eta hauxe argitaratu zuen 2008ko apirilean Baleike aldizkariaren 165. zenbakian:

  • San Telmo egunean oraingo moduan prozesioa, hamaiketakoa-eta izango ziren, ezta? Bai prozesixua eta geo etxe danetan SALDAA ematen zan, gure itxian txorixua eta SALDAA jartzen zitun amak.

AHOTSAK.EUS gunean ere badaude beste bi adibide, biak jaietako ohiturekin lotutakoak: Luis Mari Goikoetxea ere santelmoei buruz, eta Brigida Ibarbia Oikiako sanbartolomeetan egiten zenez.