Zumaiako hitz bereziak: PEKATXO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko aza. 17a, 15:00

Begian traba eta azkura eragin ohi ditu bekatxoak. (Argazkia: Wikipedia)

Gorputzarekin lotutako hitz bat ekarri dugu aste honetan ere. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Betazal ertzean sortu ohi den koxkor gorri eta mingarriari esaten diogu “pekatxoa” (ahoz “pekatxua”) edo “bekatxoa” Zumaian eta inguruan. Zumaian “pekatxo” jaso zuen Abelin Linazisorok (Maria Antonia Goikoetxeak hala erabiltzen dutela esan digu), eta Oikian “bekatxo” esaten dela zehaztu dugu Brigida Ibarbiak. Zestoarren erretolika liburuan ere jasota dago “bekatxo”. Euskaltzaindiaren Herri Hizkeren Atlasean beste izen asko ere ageri dira: betarro, betatxo, bet(t)or, betxindor, betxor, galkizkin, izor, memor, mimor, min-txingor, mitxindor, mitxingor, pettaro, petxor, pinttor, pintzindor, pittor, txeldor, txindor, txintxur, txotor, txuntxur, zeldo…

Brigidak kontatu digu gezurrak esatearen seinale izaten zela bekatxoa ateratzea, eta antzeko lekukotza bat topatu du ahotsak.eus gunean, usurbildar batzuek emandakoa. Getarian, Ataunen, Orion eta Andoainen ere hala esaten da:  Gezúrra esandakón ateátze a bekátxuá. Oañ e gezurra esan dek! Bekatxua atea zak!

Sendabideei dagokienez, antibiotikoak eta gaur egungo botikak alde batera utzita, ukendu bereziak erabili izan ditu jendeak. Esaterako, ahotsak.eus gunean andoaindar batek horrela prestatzen zuela kontatu zuen: belar beltza (emea), zaingorria, ilarrondokoa, pasmo-belarra eta berbena egosi, eta olioa, argizaria, txokolate beltza eta ardoa botatzen zitzaizkien; dena nahastu eta pasta egin ondoren, puregailuan pasatzen zen. Zenbait herritan beste sendabide batzuk ere jasota daude Atlasean. Gaintzan giltza batez igurtzita sendatzen dela bildu zen. Bardozen, aldiz, alargun baten urrezko eraztunarekin igurtzi behar zela.