Zumaiako hitz bereziak: PORRATU

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko urr. 20a, 07:57

Sukaldean ari garenean, komeni da tarteka jakiak “porratzea”. (Argazkia: freepik)

Aste honetan ere aditz bat ekarri dugu. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Zerbait dastatu edo probatzeari esaten diogu Zumaian eta inguruan “porratu”; hala ere, beste herri batzuetan bezala, “proatu” ere erabiltzen dugu.

Abelin Linazisorok Baleike aldizkarian egin zituen elkarrizketetan topatu ditugu pare bat adibide. Kontxita Urangak hauxe esan zuen 175. zenbakian, 2009ko martxoan:

  • Gure izeko Juanita neskazaharrak nola ez zun sekula porratu, harentzat beti buztana izaten huan. Neskazahar danentzat.

Beste elkarrizketa batean Donato Bidasorok kontatutakoa da beste hau, 128. zenbakian, 2004ko abenduan:

  • Bigarren egunian ere, zer dek eta, lentejak! Kauen! Ez diat jango, ba! Ja hiru egun jan gabe eta, zotz!, porratu ein beharko diagu. Porratu eta… hura gauza goxua zegona!

Getarian ere erabiltzen duten seinale, adibide bat topatu dugu ahotsak.eus webgunean:

  • Arraya bai, baiña dana marmitakua jan bihar. Iya aste guztiyan egunero marmitakua jaten. Oain marmitakoik porratu’re ez. Oain ondo jaten dek, ondo.