Zumaiako hitz bereziak: TXIRRIO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko urr. 6a, 08:19
http://bergarakoeuskara.eus/node/173773 Ura txirrioan ateratzen da iturri eta gargola batzuetatik. (Argazkia: pxhere.com)

Zumaiako kale baten aspaldiko izena ekarri dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko, idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Turrusta edo txorrotadari esaten diogu Zumaian eta beste herri batzuetan “txirrioa” (ahoz “txirridxua”); askotan ur ixtila izaten da. Oñati, Eibar eta Bergara alde horretan ere erabiltzen da, eta azken herri horretako adibideak dira hauek: Gure itturrixak udan txirrixo txikixa dauka. Egundoko odol-txirrixua botaiaz eruan zeben ospittalera. Beste herri batzuetan “txirri” eta “txirra” ere erabiltzen dituzte antzeko esanahiarekin.

Zumaian elizaren inguruko kale bat esaten zitzaion Txirrio (ahoz “Txirridxo”) kalea; orain San Pedro kalea da hori, eta 1825eko agiri batean “Cherrecho cale” zela jartzen du. Izena nondik datorren oso ondo azaltzen du Imanol Azkuek Zumaia, izena eta izana liburuan: “euria egiten duenean, elizako gargola edo xurrutarrietatik ura erortzen da turrustan, txirrioan. Makina bat haur gozatu ederrak hartuak dira, horien azpian jarrita, guardasolarekin”. San Pedro kale horretan bertan 14. zenbakian dago Julio Beobide eskultorearen jaiotetxea,  Txiliokoa; kalearen lehengo izen horren aldaera bat ematen du.