Zumaiako hitz bereziak: TRONGO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2023ko ira. 15a, 10:00
Ez du asko falta aizkolariak trongoa ebakitzeko. (Amurrioko Gazte Asanblada)

Itsasotik barrualderako bidea egingo dugu, eta Brigidak esandako hitz bat ekarriko dugu aste honetan. Proposamenak edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Arbolaren enborrari deitzen diogu Zumaian “trongoa” (ahoz “trongúa”), beste herri batzuetan bezala. Zestoarren erretolika liburuan “trongo-lantzalle” jasota daukate eta horrela definituta dago: Zuhaitzaren enborrak lantzen zituena; enborrekin lan egiten zuena. Jose Manuel Arrizabalo itziartarrak Baso mutillak liburua argitaratu zuen Auspoa sailean, Antonio Zabalaren laguntzarekin, eta Iratiko baso lanak deskribatzeko 18 bider erabili zuen “tronko”, behin ere ez “enbor”.

Bizkaieraz egiten duten Gipuzkoako herri askotan ere erabiltzen da “trongo”, AHOTSAK.EUS guneko zerrenda honetan ikus daitekeenez: Bergaran, Eibarren, Eletan, Antzuola… Ondarroan ere asko erabiltzen dute.

  • Bi ibiltzen zian, bat goittik, trongua ipintze zeben erdixan eta bat beetikan tiraka da bestia gora, eta ebate zeben. (…) a mendittik be, oin kamioiak eta, baiña lehen idixekin bajatzen zittuen tronguak eta zerrara ta… (…) Egurrak, eitten eben tronguk ebai ta jenti juten zan aizkorakin ta tronguai gaiñeko ozpalak kendu ta ozpalak batzen zenduzenak, ba, etxea ekarteko. (…) Aizkoriakin trongua hola ebaten, kentzerakuan ha egurra, ha da ezpala. (…) Zer da triskia? Egurra garbitzia, trongua garbitzia. (…) Illua badakizu ze dan, ezta? Ba tronguai barruan formatzen jakon ustela, egur ustela.

Brigida Ibarbia oikiarrak emandako adibidea da hau, aizkolariei begira zegoela:

  • Ipurdiko mantsuatik ebakitze ittuzte tronguak.