Zumaiako hitz bereziak: ALBAINO

Erabiltzailearen aurpegia Euskara Txanpan 2022ko abe. 16a, 08:00

Behin-behinean puntada luzeekin josteko erabiltzen dira albainoak edo ilbanak. (Argazkia: Antigoaleko Hiztegia)

Santa Luzia eguna pasatu berritan, joskintzarekin lotuta Maria Eugeniak esandako hitz bat ekarri dugu aste honetan. Hitzak proposatzeko edo oharrak egiteko idatzi euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Behin-behineko josturak egiteko erabiltzen den hariari esaten diogu “albainoa” (ahoz “albañua”) Zumaian. Txiliku idazleak Antigoaleko Hiztegian dioenez, Zarautz aldean “albainu” esaten da, eta azaltzen du arropa josten hasi aurretik albainuarekin albaindu egiten zirela, hau da, puntada luzeak emanez josi hari mehe batekin; gainera, norbait edo zerbait sendotu gabe zegoenean, indarrik hartu gabe, horrela esaten omen zen: albainuan dago.

Maria Eugenia Goikoetxeak kontatu zigun amari ikasi ziola hitza, eta “hari albaino bat” esaten zuela, gaztelaniazko “hebra de hilo”-ren pareko. Brigida Ibarbiak jostorratzean sartzen den hari zatiari deitzen dio “albainua”, eta zerbait puntada luzeekin josteari, berriz, “ilbandu” esaten dio; lan horietarako haria ahulagoa edo “korrienteagoa” izaten omen da. Beste herri batzuetan ere “ilbandu” erabiltzen dute, Eibar-Bergara aldean, esaterako, eta hiztegietan lehenesten den era “albaindu” da.

Atzerapen pixka batekin bada ere, zorionak jostun guztiei!