Zumaiako hitz bereziak: TRESABI

Ukuiluetan bakarrik ez, kanpoan ere jar daitezke tresabiak; Pikotekoa da hau. (Argazkia: Javier Carballo)

Itsasotik baserri aldera joko dugu aste honetan. Hitzak proposatu edo oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Ukuiluetan ganaduari jaten ematea errazteko egiturari esaten zaio Zumaian “tresabia” (ahoz “tresabidxa” edo “tresabiya”). Euskal Herriko Hizkeren Atlasaren arabera, Urola Kosta aldeko izena da, baina Bergaran ere antzeko hitz bat erabiltzen dute: trezeba. Sinonimotzat “aska” eta “ganbela” aipatzen dituzte hiztegiek, baina horiek gehiago egiten diote erreferentzia jateko ontziari bakarrik. Resurrección Maria Azkuek bere hiztegirako Zumaian bildu zuen “tresabi” eta horrela definitu zuen: “estacada que se fija delante del pesebre, para que los animales no puedan adelantar la cabeza”.

Abelin Linazisorok Baleike aldizkarian “Gure Zumai Zarra” atalean Alberto eta Kontxita Uranga elkarrizketatu zituen, eta halaxe jaso zuen 2009ko urtarrilean:

Behixak jaten dun lekua tresabixa deitzen zikok eta haren gainian belar meta jartzen zikok eta atzian beste meta bat bezela eoten dek eta haren azpixan gauza pila bat sartu ginien.

Brigida Ibarbia oikiarrak ere aipatzen du ahotsak.eus guneko elkarrizketa batean:

Gure aitta zanak ein zuan zea bat, hantxe, ukuilu… tresabi aurria esaten zitzaion txoko batian, hotza, ez zan ur berua, hotza, baina dutxa zea bat jarri gendun!

Zarautzen ere erabiltzen da, Txiliku idazleak bere Antigoaleko hiztegian jaso zuenez, eta norbaiten baserritartasuna azpimarratu nahi denean esan ohi dela zehaztu zuen: motel!, motel!, ukuiluko tresabia baino baserritarrago duk hori!