Zumaiako hitz bereziak: TXIMO EGIN

Ura besterik ez da behintzat eta… (Argazkia: Malenig)

Euri pixka bat egin digu aste honetan, eta busti giroko esamolde bat ekarri dugu, Marifranek esandakoa. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Blai, goitik behera bustita dagoenari esaten diogu Zumaian “tximo eginda” edo “tximo-tximo eginda” datorrela.  “Tximu egin” ere erabiltzen da, eta beste herri askotan horixe da formarik ezagunena. Zestoako adibidea da hau: Tximu inda etorri zan”. Azkoitikoa beste hau: "Zaparraiek arrapau ta tximu einde aillau giñen". Orion Ana Mª Echaidek “tximo” jaso zuen 1968ko lan batean:  "Chimo, ponerse como un tximo, calarse de agua, literalmente, ponerse como un mono".

Abelin Linazisorok adibide hauxe proposatu zuen Zumaiako hitzen bilduman:

Paseatzen nenbilela olatu batek harrapatu eta tximu eginda laga ninduen.

Erdi zumaiarra da Koldo Aldalur kazetaria, eta hauxe idatzi zuen Argia aldizkarian:   

Jaiki zara goizean goiz ohearen epela utzita eta goiz osoko mendi buelta eman duzu udazkeneko lokatz eta ehiztarien tiro hots artean, eta ezusteko zaparradaren ondorioz tximu eginda herrira itzuli zarenean, hor duzu motibatzeko esaldi bat oparitzeko erne.

Kirol munduan ere erraz erabiltzeko modukoa da esaera, eta horren erakusgarri Andoni Urbistondo kazetariaren beste adibide hau goiena.eus gunean:

Eta tropela, euri zaparradan nola edo hala babestuz, ordu laurdenera ia helmugan, tximu-tximu eginda.

Azkena ere antzekoa. Aia-Orio inguruko kontuak biltzen ditu karkara.eus webguneak, eta adibide hauxe eman zuen:

Igandean, arratsaldeko bostetan egin zuten Aian San Silvestre lasterketa. Parte hartu zuten 50 lagun inguruk ez zuten giro ederra izan, eta denek tximu eginda bukatu zituzten korrika saioak.

Zumaia hitzen bildumanatean: o modukoa da da eta ti giroko