Zumaiako hitz bereziak: IZU-ZAPARREAN

Gaur egungo gizartean halaxe gabiltza asko, batetik bestera izu-zaparrean, ezertarako astirik gabe. (Argazkia: Pixabay)

Aste gutxiko tartean, aurrena Marifranek eta gero Maitek, bi aldiz aipatu digute esaera berezi hau, eta zuengana ekartzea pentsatu dugu. Proposamenak eta oharrak egiteko, idatzi lasai euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera (Xabier).

Presaka, gelditzeko ere tarterik hartu ezinda ibiltzeari deitzen diogu Zumaian “izu-zaparrean” (ahoz “izu-zaparrian”) ibiltzea. Ez da beste hitz batzuk bezain ezaguna, baina inguruko herrietan ere esanahi horrekin ibiltzen dela jakin dugu. Horrelaxe entzun dugu joan den astean:

Juan Ramon etorri da hau lagatzea ta izu-zaparrian aldein du.

 Orotariko Euskal Hiztegian adiera zehatzagoa ematen diote, “izu” hitzari lotuagoa: (salir, etc.) espantado. Gregorio Arrueren adibidea da hau, Santa Genobebaren bizitza liburukoa:

Gonbidatu guziak asaldatu, eta izu-zaparrean maitik altxa ziran.

Interneten ez dago bestelako adibide askorik, eta izutzearekin lotutakoa da Jesus Mari Mendizabal Bizargorri idazlearen zutabe honetakoa ere:

Hartan, istant batean, sortzen da izu-zaparrada bidaiarien artean, sortzen da halakoxe histeria kolektiboa, non hasten diren denak oihuka, deabruak hartu izan balitu bezala.